"Giro herrikoia" nagusitu da Etxebarriko Ganadu Azokan
Lehen sektoreri "bultzada emateko" helburuagaz, Ganadu Azoka egin dute gaur [ekainak 13] Etxebarrian, eta arratsaldean, II. Artzain Txakur lehiaketa ospatuko dute.
Eguzkia, taloak, hamaika postu eta animaliak izan dira beste urte betez Etxebarriko Ganadu Azokak batu duena. Herriko eta inguruko abeltzain zein ekoizleen elkargune bihurtu da gaur [ekainak 13] Galartza industriagunea. “Etxebarrian lehenengo sektorean hainbat lagun egiten dugu lan eta hemen dauden animali guztiak bertokoak dira”, adierazi dute abeltzainek. Ez hori soilik, abeltzainek aitortu dute gazte askok lehen sektorean egiten dutela lan eta belaunaldien arteko erreleboa dagoela. Guztira 225 ganadu buru batu dira industriagunean: 23 zaldi, 27 poni, 51 ahuntz, 38 asto eta 89 ardi. Aurten, dermatosis nodularra gaixotasunagatik ez dituzte behirik ekarri.
Giro ederra, herrikoia eta eguzkitsua nagusitu da goizean. Animaliez gain, ekoizleen hainbat postu ere egon dira azokan, eta inguruko herritarrak postu batetik bestera ibili dira erosketak egiten. Jateko eta edateko aukera ere egon da; horiek horrela, txosnak inguruan zituen mahaiak jendez beteta egon dira.

Arratsaldean ere, plana Etxebarrian egongo da. Ganadu Azoka amaituta, II. Artzain Txakurren lehiaketa ospatuko dute Errekarte auzoko zelaian, eta 18:00etan hasiko da artzain txakurren lehia. Partaideei dagokionez, sei dira erakustaldia egingo duten txakurrak: Igor Elordi, Lagun txakurragaz (Barinagatik); Mikel Pagazartundua, Lay txakurragaz (Lemoatik); Angel Gerediaga, Uda txakurragaz (Getxotik); Javier Gastañaga, Fol txakurragaz (Antzuolatik); Pello Segurola, Yak txakurragaz (Matxinbentatik) eta Xabier Gaztañaga, Sandy txakurragaz (Antzuolatik). Mikel Garalar eta Bittor Bengoetxea ariko dira epaile lanetan.