Lehen jardunaldia eginda, etxean lehiatuko du hurrengoa Mutriku Sokatira Taldeak
Martiartun lehiatutako txapelketan bosgarren postua lortu du Mutrikuko emakumezkoen taldeak, eta laugarrena gizonezkoenak. Hurrengo jardunaldia Mutrikun izango da, ekainaren 20an [zapatua].
Mutrikuko Sokatira taldea, Martiartun. Potronko. Martiartun lehiatu zuten zapatuan [ekainak 13] Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa. Bertan, emakumezkoek lehenengo jardunaldia izan zuten, 540 kilotan. Gizonezkoak 600 kilotan ibili ziren. Hurrengo jardunaldia zapatuan [ekainak 20] jokatuko dute Galdonan, 17:30ean. Emakumezkoak 540 kilotan ibiliko dira, eta gizonezkoak, berriz, 600 kilotan. Finala ekainaren 27an izango da, Laukizen.
Hala, emakumezkoetan Mutrikuko taldeak bosgarren postua lortu zuen, bi puntugaz. Gaztedi Ak eskuratu zuen lehenengo postua, sei puntugaz, eta atzetik jarraitu zion Goiherrik, puntu bat gutxiagorekin. Hirugarren gelditu zen Akelarre, lau puntugaz, eta laugarren Gaztedi B, irabazlea baino hiru puntu gutxiagorekin. Mutrikuren atzetik Goiherri B gelditu zen, puntu bakarrarekin. “Emakumezkoen taldearentzat estreinaldia izan zen, eta hasierako urduritasuna nabaritu egin zen. Baina txapelketa aurrera joan ahala tiraldi gogorrak eginda oso ondo ibili ziren mutrikuarrak. Nahiz eta sailkapenean 5. postuan gelditu, hurrengo bi jardunaldietan postua hobetzea da helburua”.
Gizonezkoetan laugarren postua lortu zuen Mutrikuk, bi puntugaz. Lehenengo hirurak emakumezkoen ordena berdinean gelditu ziren: Gaztedi A (bost puntu), Goiherri (lau puntu), eta Akelarre (hiru puntu). Mutrikuren atzetik gelditu zen Gaztedi B, puntu bakarragaz. “Pisua ondo sartu eta tiratzeko gogoagaz ekin genion jardunaldiari. Gizonezkoentzat ere lehenengo jardunaldia izan zen, eta laugarren gelditu ziren. Hala ere, hobetzeko aukera asko daude oraindik, eta hirugarren postua igotzeko aukerak ikusten ditugu”.