Lehenengo Berdintasunerako Barne Plana egin du Lekeitioko Udalak
Emakumeen eta gizonen arteko benetako aukera berdintasuna eta bidezko tratua bermatzea helburu duen estrategia antolatua da plana.
Lekeitioko Udalak lehenengo Berdintasunerako Barne Plana sortu du, helburu argi bategaz: genero diskriminazio mota guztiak ezabatzea, emakumeen eta gizonen arteko benetako aukera bertdintasuna eta bidezko tratua bermatzeko estrategia bati jarraituta. “Funtsezko tresna da berdintasuna udaleko kulturaren printzipio gisa finkatzeko”.
2025ean, Lekeitiok udal barneko gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruko lanketa egin zuen, berdintasun plana sortzeko. MURGIBEren laguntza teknikoagaz berdintasun diagnostikoa egin zuen.
Hainbat ondorio atera dituzte: lehenengo eta behin, emakumeen eta gizonen proportzioari dagokionez, 34 emakumek eta 31 gizonek osatzen dute Lekeitoko Udala. Bigarrenik, bereizketa bertikalean maila gorenenan gizon bakarra dago, gainontzeko seirak, emakumezkoak dira. Gainontzeko mailetan, egoera parekidea dago. Bereizketa horizontalean, aldiz, maskulinizazioa Udaltzainen eta kaleko lanetan ari direnen artean –ofizialak, eraikuntzakoak, sorosleak eta peoiak– eta feminizazioa zaintza arloan eta administrarien artean ematen da.
Lanketan ez dute ordainsarien analisirik egin. Izan ere, sistematizazio baten beharra ikusi dute. Barne eta kanpo kontratazioari dagokionez, udalak ez dauka sistematizatutako informaziorik. Beste alde batetik, formakuntza eskainiko diete langileei, ondorengo gaiak lantzeko: harreran genero perspektiba, proiektuen genero perspektiba, sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpenaren gaineko prebentzioa, besteak beste. Azkenik, udalak ondorioztatu du lanaldi partziala duten gehienak emakumeak direla, etxez etxeko zaintzaileak, alegia.
Egoera horren aurrean, udalak argi dauka helburua: “Lekeitio feminista helburu, udalak lanean segituko du bai udal barrian, baita kalean ere, beste eragileekin elkarlanean”.