Urreisti-Solozabal eta Erkiaga-Atain izan dira nagusi Uni frontoiko lehenengo jardunaldian
Urreistik eta Solozabalek "maila altua" erakutsi zuten atzo. Horrez gain, Erkiagak eta Atainek segituan eurenganatu zuten kantxa.
Markina-Xemeingo Grand Slam.Eraman Jai Alai. Atzo [ekainak 14] eman zioten hasiera Uni pilotalekuan Markina-Xemeingo Grand Slamari. Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal, eta Aritz Erkiaga eta Gorka Mugartegi Atain izan ziren protagonistak. Lehenengoak, Bilboko finaleko errebantxa lortuta Goitia eta Basque menderatu zituzten bi setetan. Bestalde, Aritz Erkiagak eta Gorka Atainek hasiera txarra zuzendu eta garaipen garrantzitsua lortu zuten Barandika eta Ibarluzearen aurka.
Hasieratik argi erakutsi zuten zein zen euren plana Urreistik eta Sorozabalek: Goitia jokotik kanpo uztea. Hala, estrategiak “primeran” funtzionatu zien biei. Gorka sendo aritu zen atzean eta Urreisti bizkor aurrean, pilotaren bila etengabe joanez. Partida piloteo gogorrarekin hasi arren, 1-6 aurreratu ziren markagailuan, eta kontrolpean izan zuten lehen seta Urreistik eta Sorozabalek, nahiz eta beste biek ere markagailua estutu. Azkenean, ordea, 12-15eko markagailuagaz amaitu zen jokoa biarriztarraren eta mutrikuarraren alde.

Markina-Xemeingo Grand Slama. Argazkia: Eraman Jai-Alai.
Bigarren seta parekatuagoa izan zen. Izan ere, Goitia eta Basque indartsu hasi ziren [3-0], baina berdintasuna nagusitu zen ia amaierara arte. Une erabakigarrietan, ordea, Urreisti eta Gorka izan ziren dianaren erdian eman zutenak, eta Goitiaren sake falta batek ere lagundu zuten partida ixten: 13-15. Urreistik eta Solozabalek lortutako garaipenari esker, datorren barikuan [ekainak 19] Johan eta Zabalaren aurka ariko dira. Goitiak eta Basquek, aldiz, itxaron egi beharko dute, ligaxkako azken jardunaldian sailkatu ahal izateko.
Erkiagaren susperraldia. Lehen jardunaldian Aritz Erkiagak eta Gorka Mugartegi Atainek garaipen baliotsua lortu zuten Barandika eta Ibarluzearen aurka, nahiz eta hasiera ez zen batere erreza izan haientzat. Atainek “komunikazio falta” eduki zutela aipatu zuen partida amaieran, eta gainera, Barandika eta Ibarluzearen hasiera ona ez zen lagungarria izan beste bikotearentzat lehenengo minutuetan.

Markina-Xemeingo Grand Slama. Argazkiak: Eraman Jai Alai.Eraman Jai Alai.
Lehen jokoan Barandika eta Ibarluzea izan ziren nagusi. Bereziki, deigarria izan zen Barandikaren jokoa; izan ere, bost hilabeteko lesioaren ondoren sekulako maila erakutsi zuen gernika-lumotarrak. Hala, beraiek poltsikoratu zuten lehenengo seta, 15-13ko markagailuagaz.
Bigarren jokotik aurrera komunikazio hobea izan zuten Erkiagak eta Atainek kantxan. Kantxako atzeko koadroetan markina-xemeindarren arteko lehia nagusitu zen, hala ere, Atain izan da etxeko pilotalekuan arantza atera duena, “sekulako partida” eginez. Modu berean, Erkiagak ere bere kalitatea erakutsi zuen aurrean. Gainera, Uni pilotalekuko berezitasunetara egoki behar izan ziren pilotariak, baina lan hori eginda, segituan bereganatu zuen kantxa Erkiagak. 8-15eko markagailuagaz nagusitu ziren Lea-Artibai eskualdeko pilotariak bigaren setean, eta hirugarrenan ere, garaile izan ziren: 1-5ekoarekin partida itxita. Datorren jardunaldian Txanika eta Salegiren aurka jokatuko dute.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Grand Slameko lehen jardunaldian “giro ederra” nagusitu zen Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan. Hurrengo jardunaldiak barikutan egongo direla zehaztu dute, 19:00etan hasita, uztailaren 16an lehiatuko den Karmen Eguneko final handia kenduta.