Uztailaren 12ra arte dago zabalik San Antolin jaiak iragartzeko kartel lehiaketa
Lekeitioko Udalak jaiak iragartzeko kartel lehiaketako proposamentak jasoko ditu uztailaren 12ra arte. 500 euroko saria eskuratuko du irabazleak.
Lekeitioko Udalak eta Jai Batzordeak 2026ko San Antolin jaiak iragartzeko kartel lehiaketa martxan dago, eta irabazleak 500 euroko sari bakarra jasoko du. Lehiaketan parte hartzeko epea dagoeneko zabalik dago; interesdunek uztailaren 12ra arte edukiko dute proposamenak aurkezteko aukera.
Lanak kulturetxea@lekeitio.eus helbide elektronikora bialdu beharko dira. Artxiboagaz batera, egilearen datu pertsonalak –izen-abizenak, helbidea eta telefonoa– eta kartelaren leloa gehitu beharko dute parte hartzaileek.
Parte hartzeko, zenbait baldintza bete beharko dute lehiakideek. Kartelak derrigorrez “San Antolinak 2026” eta “Lekitto” hitzak jaso beharko ditu. Gainera, testu guztiak euskaraz idatzi beharko dira. Formatuari dagokionez, udalak jakinarazi du lanak euskarri digitalen bidez bidali beharko direla, hau da, PDF edo JPG modura. Ez hori bakarrik, 21 zentimetroko zabalera eta 20 zentrimetoko altuera izan behar du eta 300 ppp-ko bereizmena¡. Arauen artean, udalak adierazi du ez duela onartuko adimen artifizialez egindako kartelik.
Balorazio irizpideak eta berdintasuna. Aurkeztutako kartelak epaileek baloratuko dituzte, baina lehenik udaleko parakidetasun arloak aztertuko ditu, genero ikuspegia errespetatzen dela bermatzeko. “Oinarriek argi uzten dute ez dela onartuko irudi edo hizkuntza sexistarik, ezta rol estereotipatuetan oinarritutako edukirik ere. Era berean, homofobia edo xenofobia sustatzen duten lanak baztertu egingo dira”.
Irabazlearen izena abuztuaren hasieran emango dute ezagutzera.