Dinamartxarako izen ematea, ekainaren 23an eta 24an
Ekainaren 23an eta 24an eman beharko da izena Dinamartxarako. 19:00etatik 21:00etara Musika Plazan egongo dira Radixu Irratiko kideak.
Zapato Azulean hain esanguratsua den Dinamartxan izena emateko datak zehaztu ditu Radixu Irratiak. Hala, Tolosatik Ondarroara oinez zein bizikletaz ibilbidea egin nahi duenak ekainaren 23an eta 24an izango du aukera izena emateko, Musika Plazan, 19:00etatik 21:00etara. Hortaz, ezin izango da telefonoz egin, izena ematerakoan baimena sinatu behar baita.
Inskripzioa 20 euro ordaindu beharko dira, eta kamiseta beste 20. Bertaratzen direnak aukera izango dute beste lagun baten izena emateko, “betiere beraien sinadurapean”. Hala ere, mendi martxaren kasuan, kopurua mugatua denez, pertsona bakoitzak lagun bakarraren izena eman dezake.
Mendi martxa txirrindu bidez egingo duenak egunean bertan [ekainak 27] egingo du Tolosarako bidea, autobusean. Bizikletak bezperan utzi beharko dira kamioian kargatuta. Oinezkoak, ostera, bezperan irtengo dira, 22:30etan. Autobusez joango dira Tolosara, eta garraioa betetakoan itxiko dute izen ematea.
Boluntarioak, beharrezkoak. Antolatzaileek zehaztu dutenez, mendi martxarako boluntarioak behar dira: “Boluntariorik egon ezean, martxa bertan behera gelditzeko arriskua dago”. Bizikleta martxarako laguntzaileak badaudela azpimarratu dute. Horrez gain, Dinamartxa kirol proba “gogorra” dela nabarmendu dute, beraz, tentuz jokatzeko deia egin diete parte hartzaileei. Hala ere, argi utzi nahi izan dute ez dela txapelketa bat, lagun artean lasai joateko martxa baizik.