Mutrikuko Udalak ekainaren 27tik abuztuaren 8ra arteko udako kultur egitaraua antolatu du
Astebururo emanaldiak egongo dira. Malen jaien aurretik udalerriko elkarteen emanaldiak eskainiko dira.
Mutrikuko Udalak udako kultur egitaraua aurkeztu du.Mutrikuko Udala. Azkenen urteetako apustua jarraituz, aurten ere, Mutrikuko Udalak udako kultur egitaraua aurkeztu du. Ekainaren 27tik [zapatua] abuztuaren 8ra [zapatua] bitartean kultur emanaldiez beteko da Mutrikuko Txurruka Plaza. Gainera, Malen jaien aurretik eskainiko diren emanaldietan udalerriko eragileak izango dira protagonista. Udaletik jakitera eman dutenez emanaldi guztiak Txurruka Plazan izango dira, eta guztiak hasiko dira 22:30ean, Gure Ametsa dantza taldearen uztailaren 18ko emanaldia kenduta, honakoa 20:00etan hasiko da.
Mutrikuko Akordeoi Taldeak eta Madalen Abesbatzak irekiko dute egitaraua ekainaren 27an, eta Mutrikuko Musika Bandak emango dio jarraipena uztailaren 4an. Queen gogoan emanaldia eskainiko du musika bandan, eta talde ezagunaren abestiak joko dituzte, Jon Gurrutxaga elgoibartarrak abestuta.
Hurrengo asteburuan [uztailak 10] Anaiarte Abesbatza igoko da oholtzara, eta Malen jaien aurretik azken emanaldia Gure Ametsa dantza taldeak eskainiko du: Paloteotik fandangora.
Mutrikuko Malen jaiak pasa ondoren, abuztuaren 1ean jarraituko dute udako kultur egitarauarekin. Donostiako Verdini Dantza Konpainiak Verdiniren Distira ikuskizuna eskainiko du, artearen, mugimenduaren eta giza konexioen ospakizuna uztartuz. Azkenik, Esti Markezen kontzertuak itxiko du egitaraua abuztuaren 8an.
Aurrerapena. Malen jaietan egongo diren kontzertu eta bestelako ikuskizunen aurrerapena aurkeztu du Mutrikuko Udalak. Hala, Malen bezperan [uztailak 21] Oizeder Mayo eta Oihan Vegaren disko festa egongo da; Malen egunean [uztailak 22] Joselu Anaiak; Kuadrilla egunean [uztailak 24] Janus Lester; eta uztailaren 25ean Zirkun Ziko konpainiaren Loratzen ikuskizuna.