Ume guztiei aisialdian euskaraz aritzeko aukera ematera dator Zatoz programa
Ondarroako Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean jarri dute martxan Zatoz programa. Hala, euren gain hartuko dute euskararen bidez integratzeko zailtasunak dituzten ikasleen udako ikastaroetako matrikulazio kostua.
Herriko euskararen egoeraz arduratuta, Ondarroako Udalak eta hainbat eragilek Zatoz programa ipini dute martxan. Hala, euren gain hartuko dute euskararen bidez integratzeko zailtasunak dituzten ikasleen udako ikastaroetako matrikulazio kostua. Izan ere, programaren helburua da euskararen bidez integratzeko zailtasunak dituzten ikasleei aisialdian euskaraz aritzeko aukerak ematea.
Udalak eta Uemak adierazi dutenez, ugaritu egin dira euskararen bidez integratzeko zailtasunak dituzten ikasleen kasuak, eta arazoari irtenbidea aurkitu nahian jarri dute martxan Zatoz programa: “Ondarroa herri euskalduna da eta gehiengoak euskaraz dihartu egunerokotasunean. Hau dela eta, zailtasunak agerian daude: kanpotik datozen ikasle etorri berriek etxean eta kalean oso inguru erdalduna izan ohi dute, eta horrek zailtasuna sortzen du euskararen bidez integratzeko”. Horren adibide da, esaterako, “ume askok”, arrazoi desberdinak tarteko, ez dutela eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzen, “eta beraz, aisialdian jaso dezaketen euskara apurra ere ez dutela jasotzen”.
Hori horrela, Kiroldegiko Udalekuetan, Aurrera Kanpusean eta Udako Arraun Eskolan parte hartzeko aukera eman diete 6-16 urte bitarteko ume eta gaztetxoei. Ikastetxeen bidez herriko ume zaurgarrien zerrenda bat egin dute —baremazio taula bati jarraituz— eta aisialdiko eskaintza helarazi diete: “Udalaren, ikastetxeen eta aipatutako ekintzak antolatzen dituzten taldeen elkarlanari esker, ume guztiek izango dute uda honetan jarduera hauetan parte hartu eta aisialdian euskaraz egiteko aukera”. Udan egingo dute froga, eta ondo funtzionatuz gero, ikasturte guztira zabaltzeko aukera aztertuko dute.
Elkarlana, oinarri. Irina Alkorta Bedialauneta alkateordeak adierazi duenez, arazoari irtenbidea eman eta hizkuntza integrazioa errazteko “ahalegin berezia” egin nahi izan dute udaletik. Horretarako, beharrezkotzat jo dute herriko eragileekin egin duten elkarlana: “Udalak alde batetik eta herriko eragileek bestetik jo beharrean, garrantzitsua da elkarlanean aurrera egitea. Horretarako proposamen bateratua planteatu dugu eta, horrela, eskolaz kanpoko herriko aisialdi, kultur eta kirol eskaintzan parte hartzeko erraztasunak eman nahi izan ditugu, herrian antolatzen diren jarduerak ikasle guztiengan zabaltzeko”.
Era berean, Alkortak eskerrak eman nahi izan dizkie Zatoz programa martxan jartzeko euren aletxoa ipini dutenei: “Eskertuta gaude, elkarlanean oinarritutako ume zaurgarrien beharrizan bat bete ahal izan dugulako. Proiektu polita da, baina elkarlanik gabe ezinezkoa litzateke. Eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten eragile guztiei”.