Berriatuar senegaldarrek elkartasunez beteko dute herria
Herri kirolak, bazkaria eta senegalgo dantza tradizionalak uztartuko ditu zapatuan [ekainak 28] egun guztiko egitarauak.
Berriatuak herriko senegaldarrek antolatutako eguna hartuko du bihar. Elkartasun jaia izango da aurtengoa ere, urtez urte egin duten bezala, Berriatuko eta inguruko herritar senegaldarrek ospatzen dutena eta 200 lagun inguru batzen dituena. Herri kirolak, bazkaria, askaria eta senegalgo dantza tradizionalek osatuko dute egun guztiko egitaraua. Herriaren harrera ona eta lankidetza azpimarratu dute herritar eta udal ordezkariek: «Berriatuko herri hezitzaileen talde bat batzen gara udaletxean, eta kulturartekotasunaren barruan lantzen ditugu honelako ekintzak».
Berriatua osatzen duen kultur aniztasun hori oinarri, antolatzaileek herritar guztiei egin die ekintzen parte hartzeko deia. Hala, bazkarira batzeko aukera ere badago, eta bihar arte egongo da izena emateko aukera, Udaletxean bertan.
Zapatuko egitaraua:
- 12:30ean. Herri kirolak.
- 15:00etan. Bazkaria.
- 17:00etan. Askaria.
- Ondoren. Senegalgo dantza tradizionalak.