Galiziar kulturaren plaza bihurtuko da asteburuan Ondarroa
Galiziar Letren Eguna eta Karmen jaiak ospatuko dituzte asteburuan galiziarrek Ondarroan. Bi herrien arteko zubia eraikitzen jarraitzea da helburua.
Ondarroako Galiziar Etxeak urteroko ohiturari jarraipena emanez, Letren Eguna eta Karmen jaiak antolatu ditu astebururako. Galiziaren eta Euskal Herriaren arteko zubia eraikitzen jarraitzea da helburua, baita, galiziar kultura, tradizioak eta ohiturak Ondarroa zein inguruko herritarrei erakustea: “Galizia ez delako soilik olagarroa jatea”. Horretarako, ekitaldi kulturalez betetako egitaraua antolatu dute barikutik [ekainak 19] domekara [ekainak 21], eta Itsasaurre izango da epizentroa, nahiz eta herriko kaleetan zehar ere ibiliko diren.
Ondarroako Galiziar Etxeko Os Novos Mariñeiros gaitero taldeak irekiko du asteburu kulturala bihar [barikua], 12:00etan. Gainera, goizetik hasi eta egun osoan Galiziako produktu gastronomikoak dastatzeko aukera egongo da. Jarraian, 12:30ean, DJ Zirkin igoko da oholtzara. Bestalde, umeek ere edukiko dute zertaz gozatu asteburuan; izan ere, 18:00etan, umeentzako puzgarriak egongo dira Itsasaurren. Egunari amaiera emateko 21:00etan DJ Zirkin eta Disko mugikorraren emanaldiak egongo dira.
Etzi [zapatua], Letren Egunean, ekitaldi nagusietako bat egingo dute: Real Academia Gallegak eta Galiziako Xuntak Begoña Caamaño kazetari eta idazlea omenduko dute. Ondoren, Sestaoko Xaruma kultur elkarteko Os Jarteiriños-nosa xente gaita eta dantza taldeak omenadia eskainiko du. 12:30ean egingo diote harrera agintari eta gonbidatuei, urtero legez, eta ekitaldia Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeak biribilduko du. Jarraian, Voces Navarras taldeak hartuko du oholtza, eta 21:00etan, Trio Serenade eta DJ Ruben egongo dira Itsasaurren. Gran Queimadagaz emango diote amaiera zapatuari. “Espero dugu eguraldi ona egitea, baina hala ere, ez gaude horren zain, bestela ezingo genuke ezer antolatu. Beraz, urtero bezala, espero dugu aurten ere jende asko batzea Itsasaurren, eta gure kulturaren zatitxo bat herritarrei erakustea. Gure helburua beti da zubi lan hori egitea, kultura biak uztartuz”.
Domekan [ekainak 21] emango diote amaiera asteburuari, Karmenekin. Donostiako gaitero taldeak emango dio hasiera egunari, 11:00etan. Aurreko bi egunetan bezala, domekan ere galiziar produktuak dastatzeko aukera egongo da, eta musika eta dantzek ere ez dute hutsik egingo. “Asteburuko ekimen guztiak dira ederrak, maitasun eta lan handiarekin antolatutakoak baitira”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Boluntarioak, beharrezkoak. Galiziar Etxeko kideak astebururako “gogotsu” dauden arren, horrelako egitaraua antolatzeak suposatzen duen lan kargan jarri dute begirada antolatzaileek: “Belaunaldi berrien erreleboa behar dugu. Gaur egun gaudenok adinean aurrera goaz, eta Galiziako aletxoa Ondarroara ekartzearren jarraitzen dugu hemen lanean. Baina beharrezkoa da erreleboa, ezin gara eta betirako egon. Denok nahi ditugu jaiak baina inor ez dago lanerako prest”.
EGITARAUA
Ekainak 19, barikua.
-
12:00: Ekintza kulturalei hasiera emango zaie Os Novos Mariñeiros Ondarroako Galizia Etxeko gaiteru taldeagaz, Itxas Aurre plazan. Galiziako gastronomia eskaintzaren salmenta, Itsasaurren, egun osoan.
-
12:30: DJ Zirkin.
- 18:00: Umeentzako puzgarriak.
-
21:00: DJ Zirkin eta Disko mugikorra.
Ekainak 20, zapatua.
-
11:00: Kalejira Os Novos Mariñeiro taldearen eskutik.
-
12:00: Ekitaldi kulturalen irekiera, Galiziako produktu gastronomikoen salmenta Itsasaurren eta Galiziako Letren Eguneko omenduei aipamen ekitaldia: Begoña Caamaño kazetari eta idazlea omenduko dute.
-
12:30: Gonbidatu eta agintariei harrera.
-
12:30: Zerutxu dantza taldearen emanaldia.
-
13:30: Bermut saioa Voces Navarras taldearen eskutik.
-
21:00: Trio Serenade eta DJ Ruben.
-
23:30: Gran Queimada.
Ekainak 21, domeka.
-
11:00: Donostiako gaita taldearen emanaldia.
-
12:00: Ekitaldi kulturalen hasiera, galiziar gastronomiako produktuen salmentagaz.
-
12:00: Meza santua eta prozesioa Karmengo Amaren omenez, Os Novos Mariñeiros taldeak lagunduta.
- Jarraian: Laudioko Galaecia taldearen omenaldia.
-
14:00: Bermut saioa, Estampas de Mexiko mariatxiekin.