Mastin arrazako txakurren lehiaketa hartuko du zapatuan Mendexak
Zapatuan [ekainak 20] txakurren topaleku izango da Mendexako plaza. Mendexako Udalak eta Club de Mastin del Pirineo de España taldeak antolatuta, Pirinietako Mastinen Lehiaketa Monografikoa egingo dute, XVIII. topaketagaz batera.
16:30ean hasiko da lehia, herriko plazan, eta Sergio Gual Fournierrek egingo ditu epaile lanak; lehiaketara aurkezteko baldintza bakarra lau hilabete baino gehiagoko mastina izatea izango da. Hala, banaka edo bikoteka —jabe beraren ar eta emeak badira— aurkeztu daitezke txakurrak. Era berean, hazle beraren hiru txakur edo gehiago edukiz gero ere, taldean parte hartzeko aukera egongo da.
Lehiaketaren aurretik, 14:00etan, antolatzaileek marmitakoa banatuko dute parte hartzaileen artean: “Gure artean ezagutu eta gehien gustatzen zaigun afizio hau elkarbanatzeko asmoz emango dugu marmitakoa”. Domekan [ekainak 21], ostera, Pirineoetako mastin arrazako txakurrak ezagutzera emateko, ibilaldia egingo dute Lekeitioko kaleetan zehar.