Mutrikuko Rock Kolektiboak laugarrenez antolatuko du Xiri Eguna
Goizeko kontzertuak Xiri Gunean izango dira, eta arratsaldekoak, berriz, gaztetxean. Aurten ere, herriko eragileekin elkarlanean antolatu du eguna Mutrikuko Rock Kolektiboak.
Mutrikuko Rock Kolektiboak laugarrenez antolatuko du Xiri Eguna zapatuan [ekainak 20]. Xiri Andonegi Egurbide mutrikuar eskultore eta margolariak Atxukale inguruan sortutako obra eta espazioa biziberritzeko asmoz sortu zuten ekimena duela hiru urte, eta ordutik herritarren egutegian tokia egin duen hitzordua izan da.
Xiri Guneari bizitza ematea da ekimenaren helburu nagusietako bat. Hala ere, aurten hainbat aldaketa egin dituzte egitarauan. “Aurten, arratsaldeko kontzertuak gaztetxean izango dira. Eguraldiaren menpe ibiltzen gara beti; izan ere, Xiri Guneak ez dauka aterpe askorik, eta azken urteetan egitaraua birformulatu eta kontzertuak gaztetxean egiten amaitu dugu. Beraz, aurten, lehenengotik bermatu nahi izan dugu hori, eta arratsaldeko kontzertuak zuzenean gaztetxean egitea erabaki dugu”.
Horrela, goizeko ekintzak Xiri Gunean egingo dituzte. Leherkaitz eta Maraca Diablo taldeak igoko dira oholtzara: “Maraca Diablo taldeak diskoa aurkeztuko du. Mendaroko taldea da, eta Gararock musikarien kolektiboko kideak dira. Horrelako egunak bereziak izaten dira guretzako, polita iruditzen zaigulako musikarien kolektibo ezberdinak elkartzea, harremanak egitea eta esperientziak partekatzea”.
Bazkalostean emango diote jarraipena egunari, Beheko plazatik gaztetxeraino egongo den Mutrikuko erraldoien eta txistularien kalejirarekin. Ondoren, bertan hasiko dira kontzertuak, eta Bizixo jai batzordeak kudeatuko du barra. “Aurtengo beste berezitasunetako bat da egitaraua Xiri Gunetik haratago zabaldu dugula. Aurreko urteetan bezala, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean aritu gara”. Gainera, iaz bezala, aurten ere ez da sortzaileen azokarin egongo. Lehenengo bi urteetan antolatu bazuten ere, Merkatu Txikiaren egun berean ez antolatzeko erabakia hartu zuten iaz: “Beheko Plazan Merkatu Txikia egiten da egun horretan, beraz, udalarekin koordinatu ondoren, iaz erabaki genuen azokarik ez egitea”.
Arratsaldean, berriz, Sugrams eta Harat taldeen kontzertuak egongo dira gaztetxean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “maila handiko” musikariak dira guztiak, tartean, Jon Gurrutxaga elgoibartarra: “Maila handiko musikariak dira, guretzat erreferenteak. Musika zaleentzat gozatzeko moduko eguna izango da”.
Antolatzaileen esanetan, zapaturako “egun polita” espero dute, musika, kale giroa eta herriko eragileen arteko elkarlana uztartuko dituena: “Proposamen interesgarriak aurkituko ditu jendeak; beraz, animatu!”.
Xiri Gunea biziberritzen. MRK-ko kideek aitortu dute Xiri Egunean jende asko batzen dala gunean, baina oraindik ez dela bete hasieratik zuten helburu nagusietako bat: Xiri Gunea urte osoan erabiltzea. “Urteko beste egunetan ez zaio nahiko genukeen erabilera ematen guneari. Herriko eragileei erakutsi nahi diegu bertan gauzak antolatzea posible dela. Guk musika eramaten dugu, hori baita gure jardunaren ardatza, baina beste edozein motatako ekimenak ere egin daitezke”.