Auzolanak eraiki ditu aurten ere sanjoanak
Musikariak, antzerkia, jolasak, jan-edanak eta aurreko urteko txar guztiak erreko dituen sua izango dira aurtengo San Joan jaien oinarri. Auzolanaren eta elkartasunaren garrantzia azpimarratu dute ziortza-bolibartarrek jaien hasieratik. Herritarren gozamenerako herritarren lanagaz erakitako San Joan jaiak izango dira aurtengoak ere.
Uda giroa nabaritzen hasia da Ziortza-Bolibarren. San Joan jaiak hasita dituzte jada, eta oraingo, festa giroan murgilduta daude herritar guztiak. Joan den domekan izan zuten jaien lehen eguna, eta Gollebar Jai Alai Taldeak eskainitako zesta-punta partidak ikusteko, frontoian batu ziren herritarrak. Partida hauek ez ziren norgehiagoko hutsak izan, izan ere, ziortza-bolibartarrek elkartasun ekitaldi bategaz eman die hasiera uda iragartzen duten San Joan jaiei. Kamisetak eta jertseak saltzen dituzte ohiko bihurtu diren partida solidario horietan, hala, eskualdeko elkarteekin bat egin eta diruz ekarpena eginez, euren aletxoa jarri ahal izaten dute ziortza-bolibartar guztiek. Gollebar Jai Alai taldeak Ondarroako Karenka edo Markina-Xemeingo Izarbidean elkarteekin bat egin izan du aurretik, eta oraingoan ere, dirua batu dute erabakitzeko dagoen elkarte bati laguntzeko.
«Herriaren parte hartzeari esker» egin ahal izaten ditu zesta-punta taldeak elkartasun partidak, eta parte hartze hori izango da datozen egunen oinarri. Txupinazo eguna izango dute biharkoa ziortza-bolibartarrek. Janariak beti izaten du lekua jai giroan, horregatik, txistularien musikak girotuta, herriko taldeek paella prestaketari ekingo diote, urtero bezala, herritar guztiei jan eta edana eskaintzeko. Aurreratu dutenez, «200 lagun inguru batuko ditu bazkariak».
Txerokiak taldearen aldeko apustua egin du aurten herriak, hala, herriz herri jaiak alaitzen ari den taldea izango da biharko egunari musika jarriko diona. «Taberna izkineko musikariak izeneko formatu baten datoz», Ziortza-Bolibar trikitixa, gitarra, txistua, akordeoia, pandero eta tronpeta hotsez betetzera.
Umeen Eguna antolatu dute domekarako. Mezagaz hasiko dute eguna, eta horren ostean, urte batzuk aurrerago berpiztea lortu zuten Zeargoi Dantza Taldeak eskainiko du eguneko momenturik hunkigarriena: «Herriko umeak dira. Zapatuetan Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldetik etortzen dira dantzak irakastera, eta euren erakustalditxoa egingo dute herriko hamabost gaztek».
Umeentzako ekintzak denen gustukoak izango dira etzi, «gazteentzako abentura eta umeentzako jolas parkea» jarriko baitituzte frontoian. Gazteek bakarrik ez, helduek ere izango dute bertaratzeko arrazoia, izan ere, tenperatura altuei aurre egiteko, izozkiak banatuko dituzte. Herritarrek Kaitin Allende kezatari eta komediantea hartuko dute udaletxean, eta bera izango da bakarrizketa eskaintzeko arduraduna.
Ekainaren 23a briska txapelketagaz hasiko dute, eta 17:00etan hasiko denez, jokoan arituko direnek 16:30ean eman beharko dute izena, hirukoteak osatuz. Ohitura zaharrak mantentzen direnaren erakusle izango da martitzena. Sobrek esanahi berezia dute herrian, eta urtero sortzen duten hori erretzeko garaia heldu zaie: «Iazko sobra San Joan bezperan botako dugu sutara, eta aurten egindakoen erakusketa egingo dugu San Joan egunean». Sorgin Gaba izenez da ezaguna, izan ere, iluntzean sorginen eta pertsonaia mitologikoen etorrera eta antzezpena hartuko du herriak: «Sorgin dantzan sorginek sobra emango diote Mariri, eta txar guztiekin batera, berak botako du sutara».
Iazkoak erreta, bedarrak, ortuariak, laboreak, frutak eta loreak batzen dituen sobrak aurkeztuko dituzte herritarrek eguaztenean. San Joan egunean ohitura den bezala, herritar bakoitzak bere lana erakusteko aukera izango du, urte bete pasata, sutan erreta amaituko duena. Elizpean txistulariak hartu eta gero, antzerkia ikusteko aukera izango dute herritarrek zein ingurutik datozenek. Kale antzerkiaren aldeko apustua egin du antolakuntzak. Barsanti konpainiaren eskutik, eta LJ75 proiektua aurkeztuko dute.
Antzerkian 80 pertsona inguruk parte hartzen dute urtero. Kopauan, antzerkia egiten edo bestelakoetan, herritarrak lanean aritzen dira jaien aurretik eta dirauten artean. Elkarlan gabe, ezinezkoa baita jairik izatea: «Auzolanari eta herritarrei esker antolatu ahal izan ditugu jaiak; eurek barik, ezingo genuke hau guztia egin».
Hala, Ziortza-Bolibarko Udala esker oneko agertu da Kanpape Jubilatuen Elkartegaz briska txapelketa antolatzeagatik, Aranbaltz kultur elkarteagaz Sorgin Gaba eta sobren erakusketa antolatzegatik, Markola guraso elkarteagaz Umeen Eguna antolatu eta eskaintza prestatzeagatik eta baita lanean aritu diren eta San Joan jaietara bertaratuko diren herritar guztiekin ere.