Aurrera Eguna: denboraldia amaitzeko "modu polita"
Aurrera Eguna ospatu zuten zapatuan [ekainak 20] Ondarroan. Antolatzaileek egunaren balorazio "oso ona" egin dute. Aurrera Mendi Taldeak Ibon Badiola omendu zuen.
Ibon Badiola omendu zuen Aurrera Mendi Taldeak. Aurrera K.E. Kolore gorri eta urdinak hartu zituen Zaldupe futbol zelaiko bazterrak zapatuan [ekainak 20]. Aurrera Kirol Elkarteak Aurrera Eguna ospatu zuen, kirol ezberdinak uztartu, eta balioak erdigunean jarriz. “Beroa handia egin zuen eta beldur apur bat geneukan, ea jendeak nola erantzungo zuen. Baina erantzun oso ona izan zuen egunak, eta jendea asko batu ginen. Oso pozik gaude, ze, denboraldia amaitzeko modurik politena izan da”.
08:30ean eman zioten hasiera egunari, mendi bueltekin. Bi ibilbide egon ziren eta bietan jende “asko” egon zela azaldu dute: “Gainera, adin ezberdinetako jendea batu zen, ume, gazte zein nagusi. Oso polita izan zen”. Bizikleta martxan ere nahikotxo jende batu zela azpimarratu dute, batez ere, Milloiko bueltan. Goizean umeentzako puzgarriak ere egon ziren eta “arrakastatsuak” izan zirela azpimarratu dute: “Ume eta guraso asko batu ziren. Gainera, ordu berean, herri kirol parte hartzaileak egon ziren. Sustabiz Fundazioak eta Ondarroako Udalak martxan jarritako programa baten bidez, herriko ikastetxeetan heziketa fisikoko orduetan herri kirolak praktikatzeko aukera izan dute ikasleek, eta zapatuan, ikasitakoa praktikara eraman era erakustaldia egiteko aukera izan zuten”. Ondoren, profesionalen txanda izan zen.
250 lagun batu ziren bazkaritan, gainera, aurten, Zaldupe eskolako jolastokian egin beharrean, futbol zelaiaren kanpoan egin zuten. Bazkalostean, Aurrera Mendi Taldeak Ibon Badiola omendu zuen, “aurtengo denboraldian egindako ibilbideagatik eta lortutako garaipenengatik”. Gero, bingoan ibili ondoren, sariak banatu zituzten: Ondarroako komertzioetan gastatzeko bonuak.
Arratsaldean pala eta pilota partidak lehiatu ziren. Pala partidan Arkaitz izan zen irabazlea, eta pilotan, berriz, Txirloik eta Santanak irabazi zuten. Amaitzeko, Dj Elepunto arduratu zen musika jartzeaz, eta “giro ederrean” eman zioten amaiera egunari. “Sekulako giroa egon zen, eta denboraldia amaitzeko modu polita izan zen, oso pozik gelditu gara.”.