Eguraldi ona lagun, "giro ederrean" ospatu dituzte Galiziar Letren Eguna eta Karmen jaiak
Antolatzaileek jaien balorazio "oso ona" egin dute. "Pozik eta hunkituta" agertu dira asteburua pasa ondoren.
Galiziako Letren EgunaGaliziar Etxea. Joan den asteburuan, hiru eguneko ospakizuna eduki dute Galiziar Etxeko kideek, eta Ondarroako Itsasaurre plaza kulturaren epizentro bihurtu dute. “Eguraldi onagaz igaro ditugu hiru egunak, eta oso ondo joan dira. Herritarrek oso erantzun ona ematen dute, jende asko etorri da jai gunera, eta musikaz gozatzera edota gure produktu gastronomikoak dastatzera”.
Barikuan eman zioten hasiera jai giroari: zapatuan Letren Eguna ospatu zuten, eta domekan, Karmengo jaiak. “Euskal eta galiziar kultak uztartu ditugu, eta gure tradizio zein ohiturak erakutsi. Oso asteburu polita izan da. Hunkituta gaude”. Orokorrean, guztia “oso ondo” atera dela azpimarratu dute antolatzaileek: “Momentuko gauza txiki batzuk kenduta, guztia oso ondo atera da”.
Zapatuan [ekainak 20] udal ordezkariei eta gonbidatuei ongietorria egin zieten, eta ondoren Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeak emanaldia eskaini zuen. “Urtza Alkorta alkatea, udaleko ordezkari gehiago eta galiziar etxeetako ordezkariak ere etorri ziren. Zerutxu dantza taldeak sekulako emanaldia eskaini zuen, eta giro ederra egon zen. Horrez gain, gure elkarteko Os Novos Mariñeiros taldea herrian zehar ibili zen gure musika zabaltzen, eta Artibai egoitzara ere egin zuten bisita”.