Mikel Arrasate eta Aratz Aizpurua lekeitiarrak osatu dute Lekeitioko triatloiko podiuma
Sailkatutako lehenengo hogei kirolarien artean, Garraitz Kirol taldeko zazpi triatleta daude. Taldeak oso balorazio positiboa egin du.
Aurten, etxekoak podiuma bete dute. Mikel Arrasate Amandarri Triatloi Taldeko kideak lehenengo postua lortu du (00.57,39) eta Aratz Aizpurua Garraitz Kirol Taldeko kirolariak hirugarrena (00.59,46). Antolakuntzak nabarmendu du Arrasate “oso erraz” ibili zela eta Aizpurua, aldiz, “oso azkar eta oso korrika onagaz” heldu zela helmugara. Bigarren postua Isaac Lamprachet estatubatuarrarentzat izan da, 00.59,33 denboragaz. Aurreko urteagaz alderatuta, Arrasate bigarren postutik lehenegora igo da eta Aizpurua segarrenetik hirugarrenera.
Gainera, sailkapen orokorrean, Garraitz Kirol Taldeko Aner Larrategik eta Julen Ugaldek laugarren eta bosgarren postua eskuratu dute. Sailkatutako lehen 20 kirolarietatik zazpi Garraitzekoak izan dira. “Talde modura, oso pozik eta oso goian gaude. Gainera, taldeko neskak oso indartsu ibili dira”.

Izena eman zuten 520 kirolari irten ziren helmugatik. Emakumezkoei dagokienez, Briana Mow australiarrak (01.06,57), Isla Watson australiarrak (01.07,37) eta Iratxe Arenal AD Nautico de Naroneko (01.07,56) kirolariak osatu zuten podiuma. Sailkapen orokorrean lehenengo geratu da iaz bigarren postua lortu zuen Briana Mow australiarra. Eskualdeko lehenengo emakumea, ostera, Garraitz Kirol Taldeko Mireia Arrillaga izan zen, 01.14,01ko denbora eginda; sailkapen orokorrean hamabigarren postua eskuratu zuen.
Taldeka. Gizonezkoen taldekako sailkapenetan, ostera, Garraitz Kirol Taldeko kideek lortu zuten garaipena, 03.00,02ko denboragaz. 23 segundo gehiago baino ez zuen behar izan Amandarri Triatloi Klubak lanak amaitzeko, eta hala, bigarren postua eskuratu zuen, 03.00,25ko denbora eginda.
Emakumeen taldekako sailkapenean Mugarra Triatloi Taldea izan zen garaile (03.41,25). Haren atzetik, bigarren postua eskuratu zuen Getxo Triatloi Taldeak (03.49,39), eta 10 minutu gehiago baino ez zituzten behar izan Amandarrikoek lanak amaitzeko; hala, taldeak hirugarren postua eskuratu zuen, 03.59,15ko denboragaz. Garraitz Kirol Taldekoek seigarren postua lortu zuten (03.59,48).

Garraitz Kirol Taldearen ekimenez, 33. Lekeitioko triatloiak inoiz baino kirolari nahiz ikusle gehiago elkartu ditu herrian. Taldeak ez du atsedenik izango, zapatuan [ekainak 27] 27. Kilin Kala igeriketa zeharkaldia egingo delako.