Herri txikiei aukera handiak emateko programa abiatu dute
Bizkaiko Foru Aldundia Lea-Artibaiko udalerrietan eskaintzen diren zerbitzu publikoen diagnostikoa egiten ari da. 'Herri Txiki Auker Handi' programaren baitan, herritarren iritziak batzeko galdetegia zabaldu dute Lea-Artibaiko herritar guztientzat.
Bizkaiko Foru Aldundiak Herri Txiki, Aukera Handi programa abiatu du Lea-Artibain. Programaren baitan, Lea-Artibaiko udalerrietan eskaintzen diren zerbitzu publikoen diagnostikoa martxan jarri dute. Tokiko eragile publikoen eta pribatuen informazioa kontuan hartuta, eskualdeko udal-zerbitzu publikoek behar eta gabeziak identifikatuko ditu programak. Hortik abiatuta, herrien eta herritarren beharrak betetzeko proiektuak abiaraziko dituztela adierazi du aldundiak.
Programaren baitan abiatu duten diagnostikoa egiteko, Lea-Artibaiko herritarrei galdetegi bat zabaldu die, udal zerbitzuen egoerari, beharrei eta hobekuntza aukerei buruzko euren iritzia eman dezaten. Herritarren ekarpena “funtsezkoa” dela azaldu dute udalek, “udal mailako zerbitzuak egokitu, indartu eta etorkizunerako planifikatzeko”.
Baloratuko dituzten zerbitzuen artean, mugikortasuna eta garraioa, kultura, gizarte zerbitzuak, azpiegiturak eta bide publikoak, ingurumena eta natur guneak, ura eta saneamenduak, herritarren arreta, garapen ekonomikoa eta enplegua, hondakinen kudeaketa, euskara eta bere sustapena, kirola eta honen eskaintza, etxebizitza, gazteria eta berdintasuna izango dira. Gainera, norberak bere herrian ikusten duen gabeziei edo hobekuntzei buruzko iritzia eman ahalko du.