'Si vis pacem para bellum' antzezlanagaz dator Abarka Antzerki Taldea
Markina-Xemeingo Abarka Antzerki Taldeak 'Si vis pacem para bellum' antzezlana aurkeztuko du domekan [ekainak 28], Arretxinagako zubian.
'Si vis pacem para bellum' antzezlanaren entsegu bat.Abarka Antzerki Taldea Arretxinagako zubi azpiko anfiteatroa izan da Abarka Antzerki Taldearen lantokia urte luzez. Lan egin ahal izateko leku berri baten beharra ikusi zuten duela bi urte, eta beheko mojen komentuaren barrenak ezagutzeko aukera izan zuten orduan. “Monjen istorio bat sortu eta bertan antzezteko ideia” sortu zela adierazi du Ander Lipus taldeko zuzendariak. Hala ere, espazioa zaharkituta eta argirik eta eszenatokitik barik zegoela ikusi zuten. Gainera, hutsik zegoenez, “sekulako oihartzuna” zuen tokiak. Konbentua ez zen lan egiteko toki aproposa, beraz. Hala ere, “ordurako oso berotuta geunden monjen istorioagaz”.
Proiektuarekin jarraitzeko erabakia hartuta eta bi urteko lanaren ostean, Abarka Antzerki Taldeak Si vis pacem para bellum antzezlana aurkeztuko du domekan [ekainak 28], Arretxinagako zubiko anfiteatroan.
Musikari garrantzia eman diote oraingoan ere. Autokarabana lanean txarangek osatzen zuten soinu banda. Oraingoan, gospela sartu dutela aurreratu du Lipusek, eta horretarako, mojen dantza eta koreografiak eraikitzen aritu dira azken hilabeteetan Garazi Etxaburugaz. Gidoia idazteko eta istorioari norabide argia emateko, Xemein Larrinaga izan dute gidoigile lanetan, Maria Gloria Escabias eta Lucia Larrinaga jantzitegian, Iban Mendizabal soinuan eta Mikel Unamuntzaga kartelaren diseinuan.
Markina-Xemeingo AEK ere izan dute lagun. Ahizpak euren artean hikaz ari dira antzezlanean, eta euskararen alde egin duten “ekarpen polit” honek beste aberastasun bat emango dio antzerkairi bere osotasunean: “Markina-Xemeingo hitanoaren aldeko apustu bat da, eta oso polita da neskak horrelako konfiantzarekin elkarrekin berbetan entzutea”.
“Bizi dugun garaiari oso lotuta” dagoen Si vis pacem para bellum esaldiak ematen dio izena ordu bete pasatxoko iraupena duen antzezlanari. Aldarri edo kritika sozialetik badu antzezlanak, gaur egungo egoera bat modu oso berritzailean eraiki dutena.
Sinopsia
Klausurako beheko mojek euren munduaren bihotza galdu dezakete: konbentutik botatzeko agindua jaso dute. Ohiko obedientzia alde batera utzita, erresistentzia sutsuari ekingo diote euren etxea eta bizitokia defendatzeko. Sinesmenak ematen dien indarrez, ohituraren eta matxinadaren arteko borrokan murgilduko dira kanporatzearen aurka.