Itsaskorda enpresako kaleratzeen aurrean, “gizatasun falta kezkagarria” salatu du LABek
Enpresak egindako kaleratzeak direla eta, langileek lanuzteak egin dituzte eta mobilizazio bategaz erantzun dute gaur eguerdian, lantokiaren aurrean.
Itsaskordako lantokiaren aurrean batu dira langileak. LAB sindikatuak erabateko “gaitzespena eta desadostasuna” agertu du Itsaskorda enpresako zuzendaritzak egindako kaleratzeen aurrean. Sindikatuak jakinarazi duenez, Itsaskorda enpresako zuzendaritzak bost langile kaleratu ditu aurretik ezer jakinarazi barik. Horren aurrean, langileak antolatu eta enpresaren aurrean mobilizazioa egin dute gaur, “lanpostuak defendatzeko eta errespetua eta duintasuna eskatzeko”.
Enpresak hartutako erabakia “traumatiko” bezala deskribatu du LABek, eta zalantzan jarri ditu enpresak emandako “arrazoi ekonomiko eta produktiboak”. Horretaz gain, sindikatuak eta langileek enpresaren “modu onartezinak” salatu dituzte: “Itsaskordako zuzendaritzak erabateko opakotasunez jokatu du, langileen oinarrizko eskubideak urratuz”.
“Aldez aurretik pentsatutako informazioa ezkutatzea” leporatu diote enpresari, izan ere, adierazi dute langileei eta haien legezko ordezkariei ez dietela enpresaren benetako egoeraren berri eman. Sindikatuak adierazitakoaren arabera, enpresak ez du inolako alternatibarik mahaigaineratu, eta ez du kaleratzeak saihesteko proposamenak jasotzeko aukerarik zabaldu. Kaleratzeak bideratzeko “onartezinak diren moduak” ere salatu dituzte, kaleratzeak “langileen lan txandaren erdian eta inolako aurreabisurik barik” jakinarazi omen zituztelako.
LABen ustetan, Itsaskordako zuzendaritzak hartutako erabakiek “langileekiko erabateko enpatia falta” erakusten dute, izan ere, langileak “produkzio-zenbaki” huts modura tratatu dituztela salatu dute, “gizagabeko enpresa kudeaketa” bat agerian utziz.