Ondarroa eta Lekittarra "gogotsu eta indarrez" daude ligarako
Euskotren eta Eusko Label ligen irekiera jardunaldia egingo dute domekan [ekainak 28], Buitrago del Lozoyan. Ondarroa eta Lekittarra ariko dira Riosequilloko urtegian lehiatuko den erlojupekoan.
Ondarroako trainerua, Eusko Label ligako A Coruñako estropadan.Aitor Arrizabalaga Euskotren eta Eusko Label ligak uztaileko lehen asteburuan [uztailak 4 eta 5] iritsiko dira Bizkaira, Bilboko eta Zierbenako jardunaldiekin. Hori baino lehen, Buitrago del Lozoyako (Madril) Riosequilloko urtegian egingo dituzte ligen irekierako estropadak. Pueblos con Vida Comunidad de Madrid bandera jokatuko dute Eusko Label Ligan, eta Canal de Isabel II – 175 aniversario bandera, Euskotren Ligaren baitan. Estropada binakako erlojupeko formatuan jokatuko da, 6 luze eta 5 ziaboga gizonezkoetan 12:15ean hasita, eta 4 luze eta 3 ziaboga emakumezkoetan 11:20an hasita.
Euskolabel ligan lehiatuko dira Ondarroa eta Lekittarra. Zortzigarren urtez jarraian uretaratuko dute lekeitiarrek trainerua Eusko Label Ligan. Hamar urtez taldearen gidari izan den Osertz Aldayri erreleboa hartu dio Markel Akarregi Bengoetxeak, eta “indarrez eta gogotsu” ikusten du taldea aurtengo denboraldirako. Joan diren bi denboraldietan egindakoari jarraitu eta sailkapen orokorrean zazpigarren postuari eusteko itxaropentsu agertu da taldea. Entrenamenduetan eta aurredenboraldian “espero genituen emaitza onak” lortu dituztela adierazi dute, hala, “orain arteko sentsazioak baieztatzeko” lehen estropada izango da domekakoa. “Gure urteroko helburua Eusko Label Ligan lehiatzea” izaten da, eta helburu hori lortuta lekeitiarrek beste urte batez izango dute traineru onenen artean lehiatzeko aukera. Aurten zazpi eta hamabigarren postuak oso paretkatuta egongo direla aurreikusten dute, beraz, “hamabigarren postutik ahalik eta urrunen egotea” izango da lekeitiarren helburua.
Hurbil izango du Lekittarrak Ondarroako trainerua. 2017tik etenik barik aritu da Eusko Label Ligan, eta bederatzigarren eta zortzigarren postuetara eraman dute Antiguako Ama azken bi urteetan. Aurtengo helburua “bigarren txandan lehiatzea” dute ondarrutarrek, hala, aurreko denboraldietan egindakoari eutsi eta bosgarren eta zortzigarren postuetan mantentzeko indarrak batu beharko dituzte.
Lekeitio eta Ondarroako urak ere lehiaren lekuko izango dira aurtengo denboraldian. Abuztuaren 2an helduko dira Euskotren eta Eusko Label ligak Lekeitiora, eta abuztuaren 8an, Ondarroara.