San Joan jaiak, termometroa lehertzeko zorian
Udaren etorreragaz batera, San Joan jaiak ospatzen dabiltza Aulesti, Ziortza-Bolibar, Amallo eta Gorozikan.
San Joan jaiek Lea-Artibaiko herri zein auzoetako bazterrak berotu dituzte aurten ere. Aulestin, Ziortza-Bolibarren, Gorozikan eta Amallon jaiekin batera eman diote hasiera udari, gainera, jaiak goi-goitik ospatu dituzten bezala, tenperaturak ere maila berean ibili dira. Izan ere, beroak arreta bereganatu du aurten, azken egunotan erregistratutako tenperatura altuek udako giro bete-betea ekarri dute eskualdera, eta San Joan jaiak ohikoak baino beroagoak izan dira.Ā
Aulestin egun garrantzitsua izan dute gaurkoan [ekainak 24]. 26. Sobra sariketa izan dute gaur, eta tenperatura altuengatik frontoira lekualdatu dute goizeko egitaraua. Hala, 12:15erako aurkeztu dituzte herritarrek sobrak, eta epaimahaiak irabazleak aukeratzeko tarte bat hartu bitartean, herritarren arteko herri kirol desafioa egin dute: “Giro oso ederra sortu du desafioak. Aulestiko lau talde elkarren kontra aritu dira, eta normalean baino jende gehiago etorri da sortu duen ikusminagatik. Horrez gain, Euskal Ardi Moztaileek ere hartu dute parte”. Hala, Unai Gorostola, Olatz Malatsetxebarria eta Iraiz Idoietak osatutako taldeak lortu du garaipena, 11.05eko denboragaz; bigarren postua lortu dute Nora Urizar, Itziar Salegi eta IƱaki Urberuagak [12.07]; Hirugarrena Ziara Kareaga, Onintza Galdos eta Xabi Malatsetxebariak eskuratu dute [12.40]; eta laugarrena Aitor Atxurra, Aimar Irigoien eta Irati Goitiak [12.25]. Hasierako ideia sobra sariketa egin bitartean herri kirol talde baten erakustaldia egitea bazen ere, herriko gazte talde batek euren arteko desafioa egiteko ideia izan zuen: “Herri giro polita sortu da”.Ā
Ondoren, 26. Sobra sariketaren txanda izan da, eta antolatzaileek zehaztu dutenez 60 lagunek parte hartu dute aurten. “Parte hartze handia egon da aurten, eta gainera, jarritako helburuetako bat betetzen ari da: belaunaldi berriek parte hartzea. Oso pozik gaude”. Mertxe Gerenabarrena, Izar Uriarte eta Izaro Aranburu izan dira lehen saria irabazi dutenak, eta Noelia Arakistain, Nieves Unamuno eta Izei Arriagak lortu dute bigarren saria. Horrez gain, Eneko Willis izan da sari berezia jaso duena.Ā

Leiho eta balkoietako III. Lore lehiaketari dagokionez, Leiho eta balkoirik onenaren lehen saria Aitor Ansotegik irabazi zuen; IƱaki Araunguenak bigarrena; eta Rosario Unamuno hirugarrena. Etxaurreetan Mertxe Gerenabarrena izan da lehena; Enkarna Anitua bigarrena; eta Ziortza Jaio hirugarrena. Arratsaldean pilota partidak egongo dira, eta pintxopotea egongo da herriko tabernetan.
Antolatzaileek jaien balorazio “oso ona” egin dute: “Dena ondo atera da eta giro ederra egon da herrian, barikutik hasi eta gaur arte”. Hala, bihar [ekainak 25] emango diote amaiera jaiei eta adin nagusiko herritarrak izango dira protagonista. 12:00etan mezagaz emango diote hasiera eguari, Murlan. Ondoren, Roberto eta Idoia trikitilariek alaituko dute herria, eta 14:30ean bazkaritan batuko dira Ilunzarren.Ā
Ondarroako Gorozika auzoan ere gaur emango diote amaiera jaiei. Mezagaz hasi dute eguna, eta lore sorten bedeinkapenaren ostean, Xuhare eta Araia trikitilariek alaitu dituzte auzoko bazterrak. Domekan [ekainak 21] hasi zituzten San Joan jaiak Nerea Ibarzabal eta Angel Mari PeƱagarikanoren bertso saioagaz. Arratsaldean, herri kirolek bete zuten auzoko plazan, aizkolari, harri jasotzaile eta ingude zein trontzako erakustaldia eginez. Umeek ere eduki zuten zertaz gozatu; izan ere, txokolatada egon zen guztientzat, eta baita umeei zuzendutako herri kirolak ere. Arratsaldea alaitzen ibili ziren Mirari eta Izarra trikitilariak.Ā
Amallo. Auzolanean egindako ālan handiariā esker, aurten ere lau eguneko egitaraua atera dute aurrera auzotarrek. Hala, gaur [ekainak 24] San Joan egunagaz batera eman diote amaiera jaiei; goizean meza baino lehen tortilla txapelketa egin dute, eta 15 tortilla aurkeztu dira lehiaketara.

Irabazlea Olazar beheko baserriko Amets Arrizabalaga izan da, eta antolatzaileek tortilla patataren itxura, patataren egoera eta gustua saritu dituzte. Mezaren ostean, “giro ederrean” elkartu dira auzoko trikitilariak. 12:30ean, ostera, eguneko punturik gorena heldu da: Amalloko gazteek Ibekondoren zaldi gaztearen kontra neurtu dituzte indarrak.Ā
Bertan, auzoko zazpi gazte hiru urteko zaldi baten aurka lehiatu dira. Amalloko gazteek 28 metroko ibilbidea osatu behar izan duteājoan eta etorrianā, 440 kilogramoko harria arrastatuz, eta 20 minutuko denbora tarteagaz. Ondoren, Pipa zaldiaren txanda izan da: denbora tarte beragaz, gazteek egindako buelta kopurua 1,75 aldiz gehiago egin behar izan du, 650 kilogramoko harria arrastatuz. Gazteak hasi dira, eta 29 buelta eman dituzte. Halaber, Pipa zaldiak irabazteko gutxienez 51 buelta egin behar zituen, eta 52 buelta osatuta, lehia irabazi du.Ā
Horrela, giro “ona eta ederra” nagusitu da jaien azken egunean, eta antolakuntzatik adierazi dute “oso pozik” daudela hainbeste auzokide bertaratzeagatik. Eskerrak eman diete gazteei izan duten parte hartzagatik, batez ere, sekulako bero egin duen arren lehiaketan parte hartu dutelako.
Ziortza-Bolibarren. Surik ez piztea erabaki zuten herrietako bat izan zen atzo. Surik barik bazen ere, egitarauak bere horretan jarritu zuen herrian. Sorginen eta pertsonaia mitologikoen etorrera eta antzezpenak beste urte batez mantendu du egun horretan herria batzeko ohitura. Jan eta edana ere izan zuten bertaratu zirenek; Idoia eta Roberto Etxebarria trikitilariek girotuta, urdaia, txistorra, gazta eta irasagarra izan zituzten. Gauari amaiera emateko, suaren inguruan izan ez bazen ere, sorgin dantza ikusteko aukera izan zuten ziortza-bolibartarrek.
Tenperatura altuei aurre egiteko babesleku izan dute eliza gaur. Ohiturak agintzen duen modura, San Joan eguneko mezarako hitzordua izan dute herritarrek, eta bertan bedeinkatu dituzte aurten egindako sobrak. Meza amaitu denerako, herriko umeek prest izan dute sobren erakusketa eutsi duen egurrezko mahaia. Herriko andrak, sobrak eskuan, erakusketa osatzen joan dira elizatik irten ahala, eta haur eta helduen begiradapean, erakusketa lore eta kolorez bete da.