Auzo eta herriak alaitzera datoz San Pedro jaiak
Berriatuan, Mutrikun, Ziortza-Bolibarko Arta auzoan, eta Markina-Xemeingo Barinagan San Pedro jaiak ospatuko dituzte.
Ziortza-Bolibarko Arta auzoko San Pedro jaiak.Artako Jai Batzordea San Joan jaiak igaro ondoren, San Pedroen txanda izango da datorren asteburuan, eta Berriatuan, Mutrikun, Artan (Ziortza-Bolibar) eta Barinagan (Markina-Xemein) ospatuko dituzte.
Berriatuko San Pedroak ekainaren 23an hasi baziren ere, gaurtik [eguena] martitzenera arte ere edukiko dute zer ospatu herritarrek; batez ere, kirola eta kultura uztartuko dituzte. Izan ere, gaur [eguena] Euskal Herri mailako gazteen bertso sariketa egongo da bideogelan: Berritxu saria. Bertan parte hartuko dute Kattin Madariaga Apaolaza, Adei Urbitarte Aiestaran, Kattalin Arabolaza Palono, Maia Ortiz De Zarate Idiakez, Iradi Barrenetxea Akesolo, Naroa Iturrioz Lauzirika, Jon Abasolo Sarralde eta Amaiur Betanzos Caminosek. Bihar [barikua] Euskal Herriko mutilen banakako zesra finalak jokatuko dira.
Zapatuan ere kirolak protagonismo berezia izango du. 09:30ean Triatloi herrikoia hasiko da herriko plazatik, eta eguerdian, entsalada eta tortilla lehiaketa egingo dute. Bihar izango da izena emateko azkenengo eguna. Ondoren, Bola joko txapelketagaz jarraituko dute, eta azkenik, Kaletrik musika emanaldia egongo da herriko plazan. Domekan [ekainak 28] Zerbait sartu zait begian antzezlana egongo da bideogelan.
San Pedro egunean [ ekainak 29] eta San Pedro txiki [ekainak 30] egunean ere egun guztiko egitaraua izango dute. Lehenengoan, goizean, Open Bizkaia esku pilota partidak egongo dira, eta arratsaldean, Mus eta Briska txapelketak. Martitzenean umeak izango dira protagonista. Umeen parkea egongo da goiz zein arratsaldez, eta gero, bazkaltzeko batuk dira ume guztiak. Apar festagaz eta txokolateagaz emango diote amaiera egunari.
Mutrikun, ohi legez, omenaldi “xume bezain politarekin” ospatuko dute San Pedro eguna. Itsasoan desagertutako arrantzaleak omenduko dituzte, 12:00etan, Kofradia Zaharrean. “Udalak hartuko du hitza lehenengo, eta ondoren, abadearen txanda izango da. Dantzariek agurra dantzatuko dute, eta korua eta eskaintza egingo dira. Ondoren, bertsolariek bertsoak botako dituzte, eta udalaren agurra egin ondoren, jan-edana egongo da”. Horrez gain, Xabier Basterretxea Esnaola Txordori omenaldia egingo zaio.
Auzoetan ere, San Pedoen gosez daude. Barinaga auzoan bihar [ekainak 26] emango diote hasiera, eta gaztetxoen pilota partiden ondoren, hasiera ofiziala emango diote txupinagoagaz, 20:00etan. Ondoren, txikiteoa egingo dute auzoan, eta iluntzean, su artifizialak egongo dira. Zapatuan [ekainak 27] arratsaldean hasiko da jai giroa: zaldi probak, parrillada eta bolo txapelketa egongo dira. Domekan umeak izango dira protagonista Briska txapelketa eta jolasen artean, eta astelehenean, nagusiagoen txanda izango da. Mezaren ostean, jubilatuen bazkaria egongo da tabernan.
Ziortza-Bolibarko Arta auzoan ere asteburuan ospatuko dituzte San Pedro jaiak. Zapatuan, 17:00etan, XIII. Briska txapelketa egongo da. Antolatzaileek azaldu dutenez, momentuan bertan eman beharko da izena: “Gutxi gorabehera, 22 bikote inguruk ematen dute izena. Auzokoak eta herritarrak etortzen dira, baina baita inguruko jendea ere”.
Domekan [ekainak 28] egun guztiko jaia izango dute. “Eguerdi aldera batzen gara jende gehien, eta Zerutxu dantza taldeko dantzariek ere jendea erakartzen dute. Horrez gain, umeekin ere etortzen da jendea, eta bazkaritara bakoitza norbere etxera joaten da, antzinako erara”. Hala ere, bazkaldu aurretik Onintza Enbeita eta Miren Amuriza ariko dira bertsotan.
Bazkalostean, umeen jolasak egongo dira, eta Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariek alaituko dute auzoa: “Trikitilariak egun guztian egongo dira, eta umeen jolasak ere girotuko dituzte. Umeen jolasetan betikoak egiten ditugu: aulki jolasa, puxikak puskatu… Jolas bereziena patata dantza izaten da: patata bat begian jarri eta dantza egin patata erori gabe”.
Hamabost lagun inguru dabiltza antolakuntzan, eta “dena denen artean” egiten dutela zehaztu dute: “Bilerak egiten ditugu eta bakoitzak bere ardurak hartzen ditu. Gu momentuz jaiak mantentzen saiatzen gara, eta nahiko indartsu daudela esango nuke. Gogotsu gaude aurtengorako ere”.
EGITARAUA
BERRIATUA
- Bihar, barikua
- 19:00. Euskal Herriko mutilen banakako zesta txapelketako finalak.
- Etzi, zapatua
- 09:30. Triatloi herrikoia, herriko plazan.
- 14:30. Entsalada eta tortilla lehaiketa, herriko plazan.
- 17:00. Bola joko txapelketa.
- 18:00. Kaletrik musika emanaldia, herriko plazan.
- Ekainak 28, domeka
- 19:00. Zerbait sartu zait begian, antzezlana, bideogelan.
- Ekainak 29, San Pedro eguna
- 12:00. Meza San Pedro elizan.
- 12:30. Open BIzkaia esku pilota partidak emakumezko eta gizonezkoak. Kanpoko frontoian (euriagaz, barruko frontoian).
- 17:00. Mus eta Briska txapelketak.
- Ekainak 30, San Pedrotxiki
- 11:00-13:00/15:00-17:00. Umeen parkea, herriko plazan.
- 13:30. Umeen bazkaria herriko plazan.
- 17:00. Apar festa herriko plazan.
- Ondoren. Txokolatea herriko plazan.
- Uztailak 5 eta 12
- Zesta: Jai Alai League B, Mendibarren frontoian.
MUTRIKU
- Ekainak 29, San Pedro eguna:
- 12:00. Itsasoan desagertutako arrantzaleei omenaldia, Kofradia Zaharrean.
BARINAGA AUZOA (MARKINA-XEMEIN)
- Bihar, barikua
- 17:00. Gaztetxoen arteko pilota partidak.
- 20:00. Txupinazoa eta txikiteoa.
- Iluntzean. Su artifizialak.
- Etzi, zapatua
- 18:00. Zaldi probak.
- Ostean. Parrillada.
- 21:00. Bolo txapelketa.
- Ekainak 28, domeka
- 16:00. Umeen briska txapelketa.
- 17:00. Umeen jolasak.
- Astelehena, ekainak 29
- 12:15. Meza.
- Ostean. Mezaostekoa.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria tabernan.
ARTA AUZOA (ZIORTZA-BOLIBAR)
- Etzi, zapatua
- 17:00. Artako XIII. Briska txapelketa.
- Ekainak 28, domeka
- 11:00. Meza santua.
- 12:00. Zerutxu dantza taldea.
- Ondoren. Bertsolariak: Onintza Enbeita eta Miren Amuriza.
- 18:00. Umeen jolasak. Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga.
- Trikitilariak egun guztian.