Herrian harro bizitzeko aldarrikapena zabaltzen
Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek Harrotasun Egunean kaleak hartzeko eta sexu eta genero disidenteen borrokak aldarrikatzeko deia egin dute. Uztailaren 11n Desbiauk Summer Edition ospatuko dute Ondarroan.
Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna edo LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a, Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek irakurketa kaleratu, eta inguruko herri zein hiriburuetako mobilizazioetara hurbiltzeko dei egin dute.
Gogoratu dute kaleak hartzeko eta sexu eta genero disidenteen borrokak aldarrikatzeko eguna dela ekainaren 28a, egunaren konfrontazio eta iraultza izaera nabarmenduz. Borroka transfeminista aldarrikatu dute: «Guk ez dugu nahi normaltasunean integratu, normaltasunarekin apurtu nahi dugu. Jaietan, eta batez ere, udako jai heteromasiboen aurrean, disidentzia transfeminista aldarrikatu beharra daukagu. Ez gara heterosexualekin batera dantzan egingo dugun lesbiana, gay eta lagunak; bollera, marika eta trans anti-heterosexualak gara. Zuen ortzadarra ez da gure borroka. Gainera, egungo testuinguru erreakzionarioan, hetero, zuri eta aberatsak ez garen denon kontrako erasoen gorakada ematen dela salatzen dugu. Horien inpunitatea salatzen jarraituko dugu, eta aurrean izango gaituzte». Batik bat udako jai giroan kaleak hartu eta hemen daudela aldarrikatzea ezinbestekotzat dute; izan ere, eurek esan bezala, horrelako egunetan jasaten dituzten zabalkuntzak agerian geratzen dira, baita eurenganako erasoak biderkatu ere. Horrenbestez, erasoen aurrean auzodefentsa transfeminista aldarrikatu dute.
Sexilioa aipatuz, euren udalerrietan bizi nahi dutela ozen diote. Herri txikiak nahiz ez hain txikiak leku bizigarri eta seguruak izatea nahi dute, dinamika heterosexualetik kanpo: “Heterosexualitatean kokatzen direnen erantzukizuna seinalatu nahi dugu”.
Uztailaren 11n Desbiauk Summer Edition ospatuko dute Ondarroan, eta jaian parte hartzera animatu dituzte herritarrak, herri txikietan ere espazioak hartzea ezinbestekoa dutela gogoratuz.