Ondarroa kolore urdinez janztera dator 27. Zapato Azule
Radixu Irratiko kideak «prest» daude Zapato Azulerako. 291 lagun batuko dira Dinamartxan: 214 bizikletan eta 77 oinez.
Ondarroako Bolo-Bolo aldizkariak eman zion hasiera 1998an hain ezaguna den Zapato Azulari. Hasierako urteetan herriko kuadrillak batzen baziren ere, urteek aurrera egin ahala “sekulako” dimentsioa hartu duen jaia bihurtu da. Aurtengoa, 27. aldia izango da, eta herritarrak “gogotsu” daude goizean goizetik jai giroan murgiltzeko.
Eta biztuxun Radixu, pasako dou, geu bixok Auiminyulinblu dio Esne Beltzak Zapato Azulerako 2012an egin zuten abestiak. Jende askok Auiminyulinblu leloa ahozkatzen ez badaki ere, ondarrutar guztien artean ezaguna da Nakarrak hainbeste erabiltzen zuen esaldia: Auiminyulinblu, lo bailau, bailau esta! Hala, Zapato Azuleko ereserkia bozgorailuetatik entzuten den bitartean, 11:00etarako Radixu Irratiaren zuzenekoa (105.0 FM / Radixu.info) hasiko da, eta egunaren nondik-norakoen berri emango dute irratiko kideek.
Ordu berean irekiko ditu ateak 27. Euskal Herriko kamiseta azokak, Latxanbre enparantzan, eta 15:00ak arte egongo da zabalik. Aurten, 16 postu egongo dira, eta horiez gain, Turismo Bulegoak ere bertan jarriko du bere postua: “Turismo Bulegoaren aurrean txosna muntatzen dugunez, kamiseta azokan postu bat jartzen dugu horretarako. Gainera, bertan jasoko dira Cantabrico jatetxeak oparitutako zozketan parte hartzeko paperak”. Ondarroako hiru postu eta Euskal Herri mailako beste hamahiru egongo dira: Radixu Irratia, Andrak Erramutan, Saturrarango haitza, Artea soinean (Elorrio), Mugimendu Sozialista (Euskal Herria), Tallerra Tatto (Mutriku), Euskaralogikoada (Donostia), Euskal Herrian Euskaraz (Euskal Herria), Maitia (Arrasate), Katxalote (Deba), Iparlur (Atarrabia), Itzal diseinua (Hernani), Xipiroi (Orereta), Hazi (Abadiño), Torontile (Artea), Arnasa (Gipuzkoa). Ordu berean, Artisau azoka egongo da Kantoipe Errebueltan.
12.00etan lehertuko da jaia. Manuelen bolanderagaz batera emango diote hasiera ofiziala egunari, Alde Zaharreko Alai tabernako balkoitik. Horregaz batera irekiko da Alde Zaharreko txosna, eta herriko txistulariak kalerik kale ibiliko dira bazter guztiak alaitzen. “Joan den urtean Koldo Azpiazuk hartu zuen balkoian egoteko Nekane Akarregiren lekukoa, eta aurten ere, bera izango da Alaiko balkoitik hitz egin eta pregoia botako duena”.
Ondoren, 12:30ean, Txalainak taldearen kontzertua egongo da Kalekutzeko eskaileretan, eta ondoren, 13:30ean, euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko elkarretaratzea egongo da, abestiak dioen legez: Faltaten dizenak gogun hartute kalin barrena. “Aurten Txalainak taldea egongo da Kalekutzeko eskaileretan. Ahalegintzen gara giroa sortu ahal duen taldeak ekartzen, bertokoak direnak, eta euskaraz abesten dutenak. Aurten ere hainbat aukeren artean ibili gara, baina azkenean Txalainak taldea aukeratu dugu”. Elkarretaratzearen ondoren, Kresalako banda eta Artelango erraldoiak ere Kalekurutzera ailegatuko dira.
14:00etan, herritarrek hainbeste espero duten momentua helduko da: Dinamartxari ongietorria ematea. Irrintzi eta musika artean sartuko dira Alde Zaharrean 291 lagun; 77 oinez eta 214 bizikletaz. Urtero momentu “hunkigarria” izaten da Dina Bilbao Barruetabeñaren omenez egiten den Dinamartxaren ailegaera, eta parte hartzaileek zein ikusleek ere horrela bizi dute.
Dinamartxa herrian sartu ondoren, Radixu Irratiaren pregoia entzuteko ordua izango da, eta aurtengo omendua zein den emango dute jakitera. Horrez gain, Euskal Herriko eta Ondarroako kamiseta onenaren eta erakusleiho onenaren sariak banatuko dira, baita zozketako irabazleak ere. Horregaz batera, TXO! Antzerki Kolektiboak antzerkia egingo dio omenduari.
Lan handia. Radixu Irratiko kideek «arduraz» bizi dute jaiak hartu duen dimentsioa: “Ardura handia suposatzen du Zapato Azule antolatzeak, batez ere, ikusi dugulako zelako dimentsioa hartu duen jaiak. Ardura eta kezka ere sortzen digu, eta horren aurrean, buelta asko eman izan diogu antolatzaile moduan zelan jokatu behar dugun”. Horregatik, herritarrei zein kanpotik datozenei “errespetuz” jokatzeko deia egin diete: “Jaia ondo pasatzeko da, baina beti ere alboan daukaguna errespetatzen badugu. Errespetuzko jarrera edukitzen ez dakiena, ez dadila etorri. Horrez gain, garbi jokatzeko eskatu nahi dugu: erabili edalontzi berrerabilgarriak, zamar gutxi sortu, eta kontsumitu txosnetan. Errespetatu lanean dabilen jendea: txosnetan, tabernetan, garbiketa lanetan… guztiak”.
Aurten, gainera, Zapato Azularen parte diren eragile guztiek —antolatzaileak, udalak, txosna jarriko duten eragileak zein ekimenak antolatuko dituztenak—bat egin dute eraso matxista, arrazista, homofobo zein transfoboen aurkako mezua zabaltzeko. Horretarako, argazkia atera dute, herritarrei jai seguruen aldeko mezua helarazteko.
Aurreko urteetan bezala, Ondarroako Udalak eraso matxisten kontrako arreta zerbitzua jarriko du martxan Zapato Azulean. Zerbitzua 18:00etatik 08:00etara bitartean egongo da, presentzialki Etxelilan (Artibai, 3) eta telefonoz, hurrengo zenbakian: 688 77 27 72.
Udalak neurri “bereziak” hartu ditu zapaturako. Hainbat gai barnebiltzen dituzte neurriek, eta adierazi dutenez, aurreko urteetako balorazioen eta udaleko sailen arteko lanketaren ondorio dira; besteak beste, garbitasuna eta hondakinen kudeaketa, segurtasuna, eraso matxisten kontrako protokoloa, komunak, aparkalekuak, garraioa eta azpiegiturak. Beraz, udalak plan bat jarri du martxan herria “ahal bezain arinen lehengoratzeko”. Hala, aurten, udalaren esanetan, “esfortzu berezia” egin dute larrialdi zerbitzuak indartzeko eta hondakinen kudeaketa hobetzeko. Esaterako, jai guneari estaldura emango dion mediku eta anbulantzia zerbitzu propioa kontratatu du udalak: “Zaldupe futbol zelaiko aldagelen eraikin berria erabiliko dute, larrialdiak kudeatzeko. Anbulategia ohiko zerbitzuetarako ahalik eta libreen mantentzea da helburua, gainerako herritarrek dituzten beharrizanetarako”.
