Eusko Jaurlaritzak Mutrikuko Kofradia Zaharra birgaitzeko obrak lizitatu ditu
2017an suteak kaltetutako eraikin historikoa portuko jarduerari zein tokiko jarduerari lotutako erabilerarako egokituko da, 1,41 milioi euroko inbertsioarekin.
Mutrikuko Kofradia Zaharra.Irekia. Mutrikuko portuko Kofradia Zaharreko eraikina osorik birgaitzeko obren lizitazioa onartu du Eusko Jaurlaritzak. Lanek 1.417.536,61 euroko -BEZik gabe- aurrekontua izango dute, eta aurrera eramateko hamar hilabeteko epea. Hala, obra lanak 2026ko urte amaieran hastea aurreikusten da.
1921ean eraikitako eraikin historikoa berreskuratzea da helburua; izan ere, 2017ko suteak “kalte larriak” eragin zizkion eraikinari, eta birgaitzen lanen ondoren portuko jarduerari, ostalaritzari eta eraikinaren erabilera kulturalari lotutako zerbitzuetara egokituko da. Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren hitzetan, proiektua ez da arkitektura birgaitze hutsa: “Mutrikuko portuko gune estrategiko bat berreskuratzeko apustua da, haren eginkizun ekonomikoa eta soziala indartzeko eta itsasoari lotutako ondarea balioan jartzeko”.
Azaldu dutenez, birgaintze lanek eraikinaren balio historikoa eta arkitektonikoa errespetatuko ditu. Beheko solairuan ostalaritzarako gunea jarriko da, irisgarritasuna bermatzeko egin beharreko beharrezko hobekuntzekin. Lehen solairuan erakusketa eremua eta bentaleku enkante makina berreskuratuko dira. Bigarren solairua, berriz, bulego eta bilera geletarako erabiliko da. Horrez gain, proiektuak eraikinaren “energia eraginkortasuna hobetuko” duela zehaztu dute: “Inguratzaile termikoa berrituko da, arotzeria efizientea instalatuz eta instalazio sistema jasangarriagoak ezarriz; horri esker, energia kontsumoa eta isurketak murriztuko dira”.
Gainera, akuikulturan espezializatutako Kardala Lanbide Heziketako ikastetxea handitzeko asmoz, Sailak eta Euskadiko Kirol Portuak (EKP) gaur egun erabiltzen dituzten instalazioak Hezkuntza Sailaren esku utziko dituztela nabarmendu dute.
“Mutriku Debabarreneko Lehentasunezko Ekintza Eremuaren barruan dago. Horrek indartu egiten du ekintza honen izaera estrategikoa, Eusko Jaurlaritzaren lurralde oreka sustatzeko politiken abrruan”, azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik.