Ondarroara uda pasatzera datozen saharar ume errefuxiatuei ongietorria emango diote
Eguenean [uztailak 2], 19:30ean, Kalekutzeko eskaileretan egingo diote ongietorria.
Oporrak Bakean programaren baitan uda Euskal Herrira uda pasatzera datozen saharar ume errefuxiatuei ongietorria emango dio Yaalah Elkarteak eguenean [uztailak 2], 19:30ean, Ondarroako Alde Zaharreko Kalekutzeko eskaileretan. Guztira hamar ume etorriko dira aurten Ondarroa eta inguruko herrietara uda pasatzera.
Aurreko urteetan ongietorriak bestelako formatu bat hartu duela azaldu dute Yaalah Elkartetik; hala ere, aurten, betiko formatura bueltatuko da: “Duela urte batzutatik ospakizun gisa antolatu izan dugu ongietorria. Baina aurten, xumeagoa izango da: ohiko formatura bueltatuko gara”. Udal ordezkariak, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Fronte Polisarioko ordezkariak, eta Yaalah Elkarteko kideak egongo dira ekitaldian.
Gaur heldu dira Euskal Herrira saharar ume errefuixatuak, eta Ondarroa eta inguruko herrietako harrera familiak “prest” daude ongietorrirako: “Gaur Gipuzkoan uda pasatzera datozen umeak heldu dira, eta bihar, Bizkaia, Araba, eta Kantabriakoak helduko dira”. Yaalah Elkartetik Kalekutzeko eskaileretara joateko deia egin die herritarrei, denen artean ongietorri “goxoa” emateko.