Torturaren biktima gisa aitortu du Eusko Jaurlaritzak Esteban Muruetagoiena
Eusko Jaurlaritzak torturaren biktima gisa aitortu du Esteban Muruetagoiena Scola mediku ondarrutarra, bera hil eta 44 urtera.
Ekainaren 26an [barikua], Tortuaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzak torturaren biktima gisa aitortu du Esteban Muruetagoiena Scola mediku ondarrutarra. Egiari Zor Fundazioak eman du aitortzaren berri, Muruetagoiena hil eta 44 urtera. Fundaziotik azaldu dutenez, aipatutako aitortza “haren oroimenari eta familiari eragindako kaltea konpontzera dator”, eta parametro demokratikoetan oinarritutako bizikidetza esparru bat sortzeko “ezinbesteko urratsa” dela azpimarratu dute: “Gertatutako guztiaren memoria osoa bermatzeaz gain, horrelako gertakariak berriro ez gertatzeko bermea ere eman behar du, justiziarako eskubidea ere desblokeatu”.
Guardia Zibilak atxilotu zuen Muruetagoiena 1982ko martxoaren 15ean, eta inkomunikatuta zegoela torturak jasan zituen 10 egunez. 1982ko martxoaren 25ean utzi zuten aske, kargurik gabe, eta 29an bere etxean hilik aurkitu zuten, Guardia Zibilen eskutik jasandako torturen ondorioz. 38 urte zituen orduan Esteban Muruetagoiena Scolak, eta Oiartzungo osasun zentroko medikua zen. Miokardioko infartu bati egotzi zioten bere heriotza iturri ofizialek; hala ere, autopsiaren txostenetan torturaren zantzu “argiak” agertu ziren.
Hala, Egiari Zor Fundazioaren ustez, Eusko Jaurlaritzak Muruetagoiena torturaren biktima gisa aitorteak “garrantzi berezia” daukala azpimarratu du: “Muruetagoienaren kasua zigorgabetasunaren aurkako borrokaren eta estatu indarkeria pairatu zutenen sufrimendua gizarteak aitortzeko beharraren sinbolo da”.
Indarkeriaren oi(h)artzunak. Tamara Muruetagoienak -Esteban Muruetagoienaren alaba- bere familiari gertatutakoa lehen pertsonan kontatzen du Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumentalean. 2024ko urrian Ondarroan egon zen ikus-entzunezkoa ikusteko aukera, eta Tamara Muruetagoiena Hormaza ere bertan egon zen.