Txanikak eta Salegik finalerdietako txartela eskuratu dute
Erkiaga eta Atain Goitia eta Basquen aurka ariko dira finalerdietan, eta Urreisti eta Gorka Txanika eta Salegiren aurka.
Barikuan [uztailak 3] jokatuko dituzte gizonezkoen Markina-Xemeingo Grand Slameko lehenengo finalerdiak Erkiaga-Atain eta Goitia-Basque bikoteek —A multzoa— . Aurretik, Emakumezkoen Master Seriesa hasiko dute; Erika eta Frida Elaia eta Arairen aurka ariko dira, 19:00etan hasita.
Iragan barikua jokatu zuten gizonezkoen txapelketaren hirugarren jardunaldian, Txanikak eta Salegik «ezustean» harrapatu zituzten Uni frontoiko ikusleak, eta finalerdietara sailkatzeko txartela eskuratu zuten. Uztailaren 10ean Urreisti eta Gorkaren kontra lehiatuko dira finalera sailkatzeko asmoz.
Txapelketan sartzeko aurre kanporaketan ia-ia lehiatik kanpo gelditu ziren Txanika hondarribiarra eta Salegi markina-xemeindarra; hala ere, markagailuari buelta eman eta partida poltsikoratu zuten Urrutia eta Argoitiaren aurka. Iragan barikuan Barandikari eta Ibarluzeari nagusitu zitzaizkien. Lehenengo setean 8 eta 15 gailendu ziren, eta bigarrena lehia estuagoagaz irabazi zuten: 14-15.
Bestalde, Goitiak eta Basquek 2 eta 0 irabazi zieten Urrutiari eta Zabalari. Lehenengoan, 15 eta 9 gailendu ziren, eta bigarrena ere emaitza beragaz poltsikoratu zuten. Azken tantoa, gainera, hanka azpitik sartu zuen Goitiak.