"Arrakastatsua eta jendetsua" izan da Kaleka
Lekeitioko hainbat txoko izan dira erakustaldiaren protagonista, haien artean, Uribarren-Abaroa zaharren egoitza.
Urtero legez, Kalekaren amaieragaz batera, osteko balorazio positiboa etorri da. Aurten ere, Lekeition milaka lagun batu dira kulturaz gozatzeko, bai bertokoaz, baiata kanpokoaz ere. Orokorrean balorazio “oso oso positiboa eta parte hartzailea” egin du Lekeitioko Udalak: “Eguraldi onak lagundu du, eta horrek publikoaren parte hartzea eta jaialdiaren arrakasta indartu ditu”, adierazi dute.
Programatutako ikuskizun guztiek harrera bikaina eduki dute: “Bereziki nabarmendu nahiko genuke nazioarteko taldeen presentzia eta eskaintzaren aniztasuna. Kanadatik etorritako Bercer Le Temps konpainiaren ekimena, munduko hainbat lekutako sehaska-kantak bizikleta berezi baten bidez herriko hainbat gunetan interpretatu zituena. Oso hunkigarria eta arrakastatsua izan da”.
Jaialdiaren helburuetako bat izan da herriko espazio desberdinak kultur jardueraz betetzea. Horretan ere “emaitza oso onak” lortu direla adierazi dute. Emanaldiak portuan, hondartzan, Abaroa jauregian, Kofradia aurrean, udaletxean, Paskualiton, Uribarren Abaroa zaharren egoitzan, plazan eta beste hainbat tokitan antolatu dira. Bereziki garrantzitsutzat jo dute Uribarren Abaroa egoitzaren parte hartzea, “herriko bizitzan gehiago integratu eta bertako egoiliarrek ere kultur eskaintzaz gozatzeko aukera izan dezaten”. Udalaren iritzian, esperientzia oso aberasgarria izan da, eta etorkizunean ere bide horretatik sakontzeko asmoa daukate.

Ikuskizunen artean, Kaleka Scratcheko ikuskizunak goraipatu dituzte. Kaleka Scratch atalak sortze prozesuan dauden lanak aurkeztu ditu. Erakustaldiez gain, artistek eta ikusleek elkarrekin hausnartzeko eta feedback-a partekatzeko espazioak sortu dituzte, tailer eta topaketen bidez. Brasilgo artista bikote baten kale-antzerki eta itzal-jokoek piztu dute arreta handiena. Gainera, herriko hainbat gunetan publikoagaz zuzenean elkarreraginean aritu dira, ikusleen artean “jakin-mina eta interesa” sortuz. Oro har, programatutako emanaldi guztiek “maila handia” erakutsi dute eta ikusleek “oso ondo” erantzun dute.
Asteburuan herrian jende asko ibili da, eta horren adierazgarri izan da aparkalekuen okupazio handia nahiz ostalaritza establezimenduetan antzemandako mugimendua. Gainera, Kalekak urtez urte jarraitzaile fidelak dituela gogorarazi dute; Euskal Herriko zein kanpoko bisitari asko etortzen dira jaialdiaz gozatzera. Aurtengo aldiak, gainera, nazioarteko izaera bereziki nabarmena eduki du, Kanadatik, Brasiltik, Italiatik, Frantziatik, Kataluniatik eta Murtziatik etorritako artistekin. Herritarren erantzuna ere oso ona izan dela azpimarratu dute. “Ikuskizunak hasi baino ordubete lehenago ikusleak eserlekuak eta lekuak hartzen hastea arrakastaren seinale argia da”. Bereziki baloratzen dute Kalekak “euskararen presentzia indartzea, proposamen originalak ekartzea eta herrian giro berezia sortzea”.

Hurrengo urteei begira, laster hasiko dira lanean eta udalak adierazi du mantendu egin nahi dituela herriko hainbat txokotan antolatutako emanaldiak. Bereziki, Uribarren Abaroa egoitzagaz sortutako lankidetza. Bestalde, datorren urteko datak berrikusi egingo dituzte, San Pedro jaien eta Kalekaren arteko hurbiltasunak udal baliabideetan sortzen duen lan karga kontuan hartuta.