Erandion lehiatuko dute Euskadiko Lur Gaineko Sokatira txapelketako hurrengo jardunaldia
Joan den asteburuan Laukizen lehiatu ondoren, Erandiora joango dira oraingoan Mutriku Sokatira taldeko kideak.
Joan den zapatuan [uztailak 4] Laukizen lehiatu zen Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren jardunaldia. Bertan, emakumezkoak 500 kilotan lehiatu ziren, eta gizonezkoak, berriz, 560 kilotan. Hurrengo jardunaldia Erandion izango da, Goiherrin. Berriro ere, emakumezkoen kanporaketa 500 kilotakoa izango da, eta gizonezkoena 560 kilotakoa.
Aurreko asteburuko emaitzei dagokienez, emakumezkoetan bosgarren postuan gelditu zen Mutriku, puntu bakarrarekin. Gaztedi A izan zen lehena (4,5 puntu), atzetik jarraitu zion Gohierrik markagailua berdinduta, eta hirugarren postuan gelditu zen Akelarre (3 puntu). Laugarren postua Gaztediren bigarren taldearentzat (Gaztedi B) izan zen, bi puntu lortuta.
Gizonezkoetan ez zuen parte hartu Mutriku Sokatira taldeak, eta sailkapena emakumezkoen antzekoa izan zen: Gaztedi A lehenengo postuan (4 puntu), jarraian Goiherri (3 puntu), hirugarren postuan Akelarre (2 puntu), eta laugarren postuan Gaztedi B (puntu bakarra).