Gaztetxoen akuatloia eta helduen triatloia egingo dituzte zapatuan Ondarroan
Gaztetxoen akuatloia 11:00etan hasiko da, eta triatloia, ostera, 16:00etan. Parte hartu nahi dutenek lasterketa hasi baino ordubete lehenago eman beharko dute izena.
Kirolez betetako asteburua dute aurretik ondarrutarrek. Koaxi Triatloi Taldearen eskutik, akuatloiaz nahiz triatloiaz gozatzeko aukera edukiko dute kirolariek, eta bi biak zapatuan [uztailak 11] izango dira.
Goizean ume eta gaztetxoen txanda izango da. 10:00etan zabalduko dute izen ematea, eta 11:00etan ekingo diete lasterketari Arrigorri hondartzatik: “Mailaka parte hartuko dute, eta lehenengo korrikan, gero igerian eta amaitzeko berriro ere korrikan egingo dute. Adinaren arabera egokitzen dugu ibilbidea”. Hala, bost mailatan banatuta egingo dute akuatloia.
Arratsaldean, ostera, 16 urtetik gorakoek gozatuko dute triatloiaz. Izen ematea 15:00etan zabalduko dute, Itsasaurren, eta lasterketa 16:00etan hasiko da. Hala, arazorik egon ezean, lasterketa kukaina dagoen ingurutik hasiko da. Itsasaurrera arte igerian egingo dute (450 metro inguru), eta ostean bizikletak hartu eta Lekeitiorako bidea hartuko dute. Kinton buelta eman, eta berriro Itsasaurrera itzuliko dira 16 kilometroko ibilbidea osatuz. Jarraian, Kalatrabako zubitik Kamiñazpiko parkeraino egingo dute korrika, eta Itsasaurrera heltzeagaz batera amaituko dute lasterketa.
Antolatzaileek adierazi dutenez, irabaztea baino, “ondo pasatzea” da bi lasterketen helburua: “Bi lasterketak herrikoiak dira, eta guretzat garrantzitsuena ez da irabaztea. Lagunartean joan, ondo pasatu eta jendeari kirol hau probatzeko aukera ematea da gure helburua”. Hala, parte hartzea eguraldiak eta inguruan deituta dauden gainontzeko lasterketek baldintzatuko duten arren, 80 partaide inguru espero dituzte antolatzaileek.