Kuadrillen eguna: karmenetako egunik esperoena
Aurten 3.050 lagunek beteko dute Zelaia, eta musika zein giro ona izango da nagusi bai egunean bertan, bai aurreko eta ondorengo egunetan ere.
Kuadrillen Eguna markina-xemeindarrek espero duten hitzordua da urtero-urtero. Herri bazkaria eta Herritxoua ez ditu inork galdu nahi izaten karmenetan. Adin tarte ezberdinetako herritar gehien biltzen dituen ekimenetako bat da, eta hurrengo zapatukoa [uztailak 18] ez da ezberdina izango. Guztira 3.050 lagunek eman dute izena, eta antolakuntzatik aipatu dute gutxi gorabehera 100 kuadrilla batuko direla. Aurten eguraldiak kezkatzen ditu: “Normalean euria ez egitea espero dugu, baina aurten beroak ematen digu beldur gehiago.”
Txistuaren doinuekin emango diote hasiera egunari. Markina-Xemeingo hogei txistularik goizetik alaituko dituzte herriko kaleak, esku pilota partidak jokatu baino arinago. Hamar partida izango dira guztira: benjamin eta txikien mailako–14 urtera arte– esku pilotariak ikusteko aukera egongo da. Halaber, Markina-Xemeingo Udalak nabarmendu du aurten, berrikuntza modura, goizeko esku pilota partidak frontoi handian jokatuko direla, “ikusleei espazio erosoagoa eta giro hobea eskaintzeko”.
Ostean, eguerdi aldera, Alarabien kalejiraren txanda izango da. Tarine Udal musika eskolako trikititxa taldearen eta Markina-Xemeingo trikititxa eskolaren eskutik, hamaika lagun batuko dituzte herriko kaleetatik: “Aurreko urtean obretan geunden, baina aurten kalea berriak daude. Kalejirak alde zahar guztia alaituko du”.
Bazkaltzeko orduagaz batera, Zelaia jendez beteko da. 14:00ak inguruan mahaiaren bueltan elkartuko dira herritarrak, eta kuadrilla bakoitzak bere paella bazkalduko du. “Normalena da paellak egitea, baina bakoitzak nahi duena egin dezake”. Egun “berezia” da herritarrentzat, eta argi utzi dute bertaratu izan direnek: “Kuadrilla guztia elkartzen den eguna da, eta jaietako egunik politenetakoa da guretzat. Berezia izaten da. Bakoitzak bere alkandora edo blusa jartzen du, eta umeentzako, helduentzako zein nagusietzako bideratuta dago”.
Bazkalostean, jaiak ez du etenik edukiko. Herritxouaren momentua izango da. Hamar talde ariko dira aurten bakarka, binaka edo taldeka, Zelaian dauden lagun guztien aurrean show-a eskaintzen. Herritxouaren eta gaueko kontzertuaren artean, Andoni Ollokiegi igoko da oholtzara. Gainera, gaueko kontzertuak hasi baino lehen Zuttik elektrotxarangak hartuko ditu herriko kaleak. Horren ostean, Etzakit taldearen momentua izango da, eta ondoren, DJ Hermanikis egongo da txosnagunean.
Bestalde, udalak azaldu duenez, jaiaren arrakasta boluntarioen eta herritarren inplikazioari esker lortzen da, eta «herrigintza herrigintza totala» dela azpimarratu du. Era berean, udalaren esanetan, jai giroa segurtasunez eta errespetuz bizitzea izango da lehentasunetakoa; horregatik, prebentzio neurriak indartuko dira. Horren harira, udalak adierazi du «gune informatiboa» jarriko dela alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko: “Herritarrei gogorarazi nahi diegu kontrolatu egin behar garela eta jaiak errespetuz jokatu eta ondo pasatzeko direla”.
Egitaraua:
- 09:30. Txistularien kalejira.
- 10:00. Esku pilota partidak.
- 12:30. Alarabien kalejira.
- 14:00. Herri bazkaria.
- 16:30. Herritxoua.
- 18:30. Andoni Ollokiegiren kontzertua.
- 20:00-22:00. Zuttik elektrotxaranga.
- 22:30. Etzakit kontzertua.
- Ondoren. DJ Hermanikis.