Ekonomia urdina sustatzeko helburuz, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Urdina estrategia aurkeztu du Ondarroan
Itsasoari eta itsasertzari lotutako jarduketa nagusiak biltzen dituen estrategia aurkeztu du Imanol Pradales Lehendakariak gaur [uztailak 13] Ondarroan.
Eusko Jaurlaritzak Euskadi Urdina aurkeztu du gaur [uztailak 13] Ondarroan, itsasoari eta itsasertzari lotutako Eusko Jaurlaritzaren jarduketa nagusiak biltzen dituen ekimena. Bertan izan dira Imanol Pradales Lehendakariagaz batera, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako Sailburua, Urtza Alkorta Ondarroako alkatea, Leandro Azkue Arrantzako, Portuetako eta Itsasertzeko Sailburuordea, Koldo Goitia Portu, Itsas Gai eta Itsasertzeko zuzendaria, Ixone Soroa Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria eta Jon Asua Euskadiko Kirol Portuko sozietateko zuzendaria.
Hala, Euskadi Urdina estrategiak Eusko Jaurlaritzaren jarduketa nagusiak biltzen ditu, enplegua, berrikuntza, lehiakortasuna eta lurralde kohesioa bultzatzeko asmoz. Ekimena lau jarduketa nagusitan banatu dute: belaunaldien arteko erreleboa, ekintzailetza eta berrikuntza, portuak eta itsasertza modernizatzea eta aisialdiko nautikaren garapena. Era berean, sei jarduera ildo, hamazazpi lan esparru eta berrogei ekimen biltzen ditu ekimenak.
Lehenengo jarduketa esparrua belaunaldi erreleboa bermatzea denez geroztik, Euskadi Urdina estrategiak horretarako programa integral bat jasotzen du, “itsasoko eta arrantzako sektorean belaunaldi berriak sartzea errazteko eta ekonomiaren gizartearen eta kulturaren ikuspegitik estrategikoa den jardueraren jarraipena ziurtatzeko”.
Programak sektorean sartzeko ibilbide osoa hartzen duten jarduerak biltzen ditu, eta horren harira, Euskadi Blue Skills Hub sortu eta lehendik dauden programak —Itsasoratu, besteren artean— indartuko dituzte. Gaineratu dutenez, lanbidean sartzea errazteko tresna berriak ere sustatuko dituzte, eta horien artean egongo dira arrantzako aktiboak eskualdatzeko bitartekaritza bulego bat, errelebo egoeran dauden lizentzien eta ontzien katalogo bat eta kuota banku bat.

Berrikuntza eta ekintzailetza urdina sustatzea ere estrategiagaz duten helburuetako bat da. Hala, Blue Impact Hub izeneko sare integratu bat sortu dute, “enpresa berrien garapena bizkortzeko eta ekonomia urdinaren dibertsifikazioan laguntzeko.
Hub edo zentro horien bitartez, besteren artean, harremanetan jarriko dituzte elkarlanerako eremuak, laborategiak, prototipatzeko guneak, mentoretza programak, finantzaziorako sarbidea eta unibertsitateak. Lehenengo zentroak 2026an garatuko dituzte Pasaian eta Ondarroako portuetan, “zaharberritu eta balioetsitako eraikin berriak aprobetxatuz, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin lotutako erabilera berriak emateko”. Ondoren, sarea Bermeora, Plentziara eta Getxora hedatzea aurreikusten dute.
Estrategiaren beste helburu nagusietako bat portu seguruago, modernoago eta etorkizunerako erronketarako prestatuagoak garatzea da: “Helburua da portu seguruagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak izatea, klima aldaketaren eraginei aurre egiteko, sektore tradizionalen beharrei erantzuteko eta ekonomia urdinarekin lotutako jarduera berriak hartzeko hobeto prestatuagoak izateko”.
Hala, portuetan inbertsioak egiteko “programa zabal bat” bultzatzen jarraituko dutela adierazi dute. Mutrikuko babes dikea sendotzea, Ondarroako dikea indartzea eta Elantxobeko portuko lehorreko azalera handitzea dira jarduketa nagusietako bi. Horiez gain, Getariako eta Orioko arrantza kaiak konpontzea eta Donostiako portuko erdiko kaia birgaitzea nahiz Gipuzkoako eta Bizkaiko protuetan dragatze lan berriak egitea, eraikinen zaharberritzea eta egokitzapena eta oinarrizko zerbitzuak hobetzea ere programaren barruan daude. Lanok egiteko guztira 27 milioi euroko inbertsioa egingo dute.
Azkenik, Euskadi Urdina estrategiak aisialdiko nautika sustatzearen “apustu irmoa” ere egiten du. Hala, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Aisialdiko Nautikaren I. Plan Zuzentzailea egingo du, eta datozen urteetarako bide orria jasoko dute bertan: “Aurreikusten diren jarduketen artean daude amarrelekuen agindu berria, plazan berrien deialdia hainbat portutan, ontzientzako gune berriak sortzea, lehorreko ontzi gunea bezalako ereduak sustatzea, aisialdiko instalazio nautikoen kudeaketa digitalizatzea eta euskal kostaldeko portuetan kirol nautikoen hastapenak, ikaskuntza eta praktikak sustatzeko laguntza lerro berriak”.
Abian dagoen lan baten parte. Jakitera eman dutenez, gaur Ondarroan aurkeztu duten ekimena dagoeneko abian dagoen lan baten parte da, eta datozen urteetan garatzen jarraituko dute beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Lehendakariak adierazi duenez, estrategiagaz Europan erreferente izan nahi dute: “Hainbeste eman digun itsaso honi egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat bizitzaren eta oparotasunaren eragile izaten jarraitzea nahi dugu. Ekonomia urdina egungo eta etorkizuneko esparrua da, eta Europan erreferente izan nahi dugu esparru horretan”.
Era berean, estrategia “anbizio handi batekin” sortu dela nabarmendu du: etorkizun-ikuspegi berarenpean integratzea Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak itsasoaren inguruan dituen gaitasun guztiak. Horretarako, dibertsifikazioaren, belaunaldi erreleboen eta talentuen aldeko apustua egin dute: “Europaren eta Ozeanoen aldeko itunaren eskutik lan egingo dugu, itun horrek ekonomia urdina funtsezko sektore gisa ezartzen baitu elikadura subiranotasunerako, deskarbonizaziorako eta biodibertsitatea babesteko”.
Lehendakariak Bruselak eta Madrilek “laguntza irmoagoa” eman behar dutela ere aldarrikatu du, “arrantza industria gure herrialdeko benetako sektore estrategiko, elikagai ekoizle eta garapen eragile gisa kokatzeko”.
Barredok ostera, Euskadi Urdina “itsasora begiratzeko modu berri bat” dela ziurtatu du: “Ekonomia Urdinak aberastasuna sortzen, gazteentzat aukerak sortzen eta gure itsasertzaren garapen orekatua indartzen laguntzea nahi dugu, eta beti sektore osoarekin lankidetzan”.