Ispasterko eskolako bazkariak belaunaldi ezberdinak batu ditu "giro paregabean"
150 lagun inguru batu ziren mahaiaren bueltan, eta esker oneko, omenaldia egin zieten irakasleei.
Zapatuan [uztailak 11] ospatu zen Ispasterko Geure Eskolako Bazkaria, eta antolatzaileen hitzetan, eguna “oso ondo” joan zen hasieratik amaierara arte. Eguraldi beroa egin bazuen ere, bazkaria itzalean egin zuten, eta horrek bertaratutako guztiei “egunaz gozatzeko aukera” eman zien.
Guztira, 150 lagun inguru batu ziren, belaunaldi ezberdinetako ikasle ohiak, egungo ikasleak, irakasleak, gurasoak eta herritarrak. Bazkariaren aurretik eta ondoren, adin guztietarako jolas libre ugari eduki zituzten aukeran. Besteak beste, boluak, zaku lasterketak, igel jokoa, trikilia, soka saltoa eta sokatira izan ziren protagonista, eta parte hartzaileek giro alaian eta elkarrekin gozatzeko aukera eduki zuten.

Eguneko unerik hunkigarrienetakoa bazkalostean iritsi zen. Antolatzaileek bertaratutako irakasleei omenaldi “xume baina hunkigarria” eskaini zieten, urteetan egindako lanagatik eta eskolarekiko erakutsi duten konpromisoagatik eskerrak emanez. Omenaldiaren baitan, oroigarri txiki bat ere jaso zuten.
Horrez gain, argazki erakusketa izan zen ikusgai egun osoan eskolako aterpean. Gainera, antolatzaileek jakinarazi dute argazki erakusketa ikusi ezin izan zutenek aukera edukiko dutela, Santiago eta Santa Ana jaietako goizeetan ere ikusgai egongo delako. Eguna musikagaz amaitu zen, DJ Aitxeren eskutik.
