Mikel Arrasate: "Imaginatu ere ez nuen egingo aurten halako txapelketa batean parte hartuko nuenik"
Mikel Arrasate Larrea lekeitiarrak Europako triatloi txapelketa irabaztea lortu du, 03:10.38ko marka eginda. Hala, bere hurrengo helmugetako bat azaroan Abu Dhabin jokatuko den munduko triatloi txapelketa izango da.
Mikel Arrasate, Europako triatloi txapelketan.Triatlon SP Gutxien espero duzunean heltzen dira askotan bizitzako zenbait une garrantzitsu, eta halaxe heldu zitzaion Mikel Arrasate Larreari (2004, Lekeitio) Espainiako Selekzioagaz Europako triatloi txapelketan parte hartzeko aukera ere. Parte hartu ez ezik, aukera ezin hobeto aprobetxatzen ere jakin du lekeitiarrak: bigarren sailkatuari minutu bateko aldea aterata, Arrasatek Europako triatloi txapelduna izatea lortu zuen joan den domekan [uztailak 19]. Kataluniako Banyoles herrian jokatu zituzten finalak, eta Arrasate distantzia ertaineko triatloian 03:10.38ko marka eginda itzuli da Lekeitiora.
Zorionak lortutako markagatik. Zelan sentitzen zara Europako txapeldun izatea lortu ostean?
Oso-oso pozik, oraindik asimilatu barik hori zer den. Beste lehiaketa normal bat izango balitz bezala parte hartu nuen, baina izen desberdina dauka halako txapelketa batek. Oso pozik nago, eta familiakoekin, lagunekin eta neskalagunarekin ospatzen ari naiz. Eurak dira egun txarrenetan eusten gaituztenak beti, eta beraz, eskerrak eman nahiko nizkiete alboan eduki ditudan denei.
Non izan zen lehiaketa eta ze distantziatan parte hartu zenuen?
Kataluniako Banyolas herrian izan zen lehiaketa, joan den asteburuan. Europako hainbat txapeketa jokatu ziren bertan, eta nik domekan [uztailak 19] egin nuen. Espainiako selekzioarekin joan nintzen bertara eguenean, eta aurretik zirkuitu denak ikusteko denbora eduki genuen. Domekan, berriz, 08:00etan hasi genuen lehia: Lakuan 1900 metro igeri egin genituen (00:24.13) eta gero bi itzuli egin genituen bizikletan Banyolas ingurutik, guztira 82 kilometroko ibilbide batean (01:57.30). Korrika berez 7 kilometroko hiru itzuli ziren arren, emanda zegoen beroarengatik bi itzuli baino ez genituen egin, eta beraz 14 kilometro izan ziren korrika egin genituenak (00:46.07).

Eta, zelan joan zen lasterketa?
08:00etan izan zen gure txanda, eta zortez, bero askorik ez zegoen oraindik. Igeri aurreko taldean mantentzea lortu nuen. Bizikletan hiruk ihes egin genuen apur bat aurrerantz hasierako zatian, eta gero, lanak ondo eginez, atzekoengandik tarte handia zabaltzea lortu genuen. Korrikan ere hirurok batera jaitsi ginen. Distantzia laburretan ez ditut galtzerdiak janzten, ze hanketan ez ditut zauriak edukitzen, baina distantzia luzeetan bai janzten ditugu. Hau distantzia ertaina zenez, galtzerdirik barik irtetea erabaki nuen, eta hortik segundo batzuk ateratzea lortu nuen. Ahalik eta bizkorren irten eta hori mantentzera atera nintzen.
Aurtengo helbururetako bat zen Europako txapelketan parte hartzea?
Berez, aurten imaginatu ere ez nuen egingo halako txapelketa batean parte hartuko nuenik. Zarauzko Triatloian oso lasterketa ona egitea lortu nuen, eta horren ostean, toki bat libre geratu zenez, niri eman zidaten Espainiako Selekzioagaz parte hartzeko aukera. Espainiako Selekzioak lau toki zituen Europako txapelketarako, eta laurak zeuden beteta, baina parte hartzaileetako batek munduko txapelketarako tokia ziurtatuta zuenez, ez parte hartzea erabaki zuen. Hala, niri deitu zidaten, eta ez nuen inondik inora espero, baina segituan baietz esan nuen.

Europako triatloi txapelketagaz itxi duzu 2026ko lehen seihilekoa. Ze helburu dituzu datozen sei hilabeteetarako?
Abendutik, lau hilabetez lesionatuta egon naiz, eta beraz, askoz beranduago hasi behar izan dut aurtengo denboraldia. Hala ere, eskertu egiten dut orain, ze, askoz freskoago nabaritzen naiz eta denboraldian oraindik gehiago luzatu ahal izango dut. Momentuz, abuztu hasieran Alpe D’Huez-eko triatloira joateko asmoa daukat lagun batzuekin, eta bertan triatloi luzea egingo dugu. Gero ez dakit ziur ze proba egingo ditudan, ze, Europako txapelketarekin azaroan Abu Dhabin izango den munduko txapelketarako toki bat lortu dut. Beraz, izan daiteke Alpe D’Huez-en ostean apur bat deskantsatzea, eta gero berriro entrenatzen hastea pare bat proba egiteko, munduko txapelketa eta besteren bat edo… Oraindik pentsatzeko daukagu.
Zelan ikusten duzu zure burua munduko txapelketarako?
Gogo askorekin nago, egia esan. Sekulako oparia da niretzat Espainiako Selekzioarekin halako proba batzuetan egotea; sekulakoa da. Urrun ikusten dut oraindik, eta ez dut askorik pentsatu horretan, egia esan, baina beti bezala, ahalik eta ondoen egitera joan nahiko nuke, eta batez ere, gozatzera. Ze, gozatzen duzunean gauzak ondo irteten dira, eta beraz, horretara joan nahiko nuke.
