Peruko Independentziaren Eguna ospatzeko jaialdi handia egingo da Ondarroan
Zapatuan [uztailak 25] folklorea eta kultura batuko dira Ondarroako Itsasaurre plazan.
Peruko Tupay Kultur Elkarteak Peruko Independetzia Eguna ospatzeko kultur jaialdi berezia antolatu du zapaturako [uztailak 25]. Jaia Ondarroako Itsasaurre plazan egingo da, eta sarrera doakoa izango da. 10:30etik aurrera, gastronomia eta floklorea batuko dira, eta eskualdeko herritarrek aukera izango dute herrialdea gertutik ezagutzeko.
Jaialdiaren helburu nagusia ez da bakarrik Peruren independentzia ospatzea, baizik eta Peruko komunitatearen eta Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarren arteko integrazio kulturala sustatzea. Antolatzaileen esanetan, “tradizioak, ohiturak eta kultura partekatzeak elkar ezagutzea, errespetua eta aberastasun kulturala indartzen ditu”.
Egun osoan askotariko jarduerak egongo dira. Bisitariek artisautza eta ekintzaileen azoka bisitatu ahal izango dute, Peruko plater tipiko ezagunak dastatu eta dantza folklorikoez, haurrentzako ikuskizunaz, zuzeneko musikaz eta orkestrez gozatu.
Egitaraua:
- 10:30. Ekintzaile azoka.
- 11:00. Kultura ekitaldiaren hasiera.
- 11:30. Dantzak eta zozketak.
- 13:00. Peruko musika emanaldia.
- 14:00. Haurrentzako ikuskizuna.
- 15:00. Soneros Orkestra.
- 19:00. Son Tumbao Orkestra.