Amak Emongotzu taldeak irabazi du San Antolin jaietako 30. Paella Txapelketa
Jaietako hirugarren egunagaz batera, Kamiseta Eguna ari dira ospatzen Lekeition. 30. Paella Txapelketan 73 taldek izena eman badute ere, 65 izan dira aurkeztutako paellak. Horrez gain, kuadrilen arteko probak eta II. Lumentzara Igoera ere egin dituzte.
Kuadrilla bat gaur [irailak 3] euren paella prestatzen. Eguraldi ezin hobeagaz hasi dute gaur [irailak 3] Kamiseta Eguna Lekeition. Kuadrillako kamisetak nahiz kamiseta aldarrikatzaileak soinean jantzi, eta goiztiarrenak 10:00etarako elkartu dira plazan, 30. Paella Txapelketari ekiteko; aurkeztu diren denen artetik Amak Emongotzu taldearena izan da onena.
Osagai guztiak prest, eguzki epelarenpean aritu dira kuadrillak paellak prestatzen; azkarrenek itzaletan lortu dute tokia, eta gainontzekoek sonbrilak nahiz karpak erabili dituzte eguzkitik babesteko. Hala, oilaskoa, mariskoa, barazkiak, txorizoa nahiz bestelako hamaika produktu erabili dituzte taldeek paellak prestatzeko. Errezetak ere, denetarikoak erabili dituzte: internetetik lortutakoak, gurasoenak, amonarenak nahiz errezeta sekretuak. Su artean igaro dute goiza, eta 13:30ean aurkeztu dituzte paellak.
Guztira 73 taldek izena eman duten arren, 65 izan dira aurkeztutako paellak, iaz baino 3 gehiago. Begoña Akarregi, Mari Kruz Kobeaga eta Jon Bragado izan dira aurtengo epaileak. Taldeek gutxienez 10 pertsonentzako paellak prestatu dituzte. Denetarikoak izan dira aurkeztutako paellak, eta izan da keinuren bat edo beste egin duenik ere. Epaileek paellaren aurkezpena, gustua eta arrozaren puntua baloratu dituzte. Denak dastatuta, paellarik onena Amak Emongotzu taldearena izan da, 60 puntugaz. Lehia estua egon da lehen hiru paellen artean, izan ere, bigarren postuan Geu taldea geratu da, 59 puntugaz, eta hirugarrenean, Bauan Bauan, 58 puntugaz. Farolillo gorria, ostera, JZN taldeak eskuratu du, 12 puntu lortuta.

Amak Emongotzu taldeak irabazi du 30. Paella Txapelketa.Lekeitioko Udala
Egiteko ugari. Zelan ez, paellak dira gaurko protagonistak, baina bestelako hainbat jarduera ere egon dira aukeran. Garraitz Kirol Taldeko kideek, esaterako, urteroko legez kuadrillen arteko probak antolatu dituzte. Guztira zortzi kuadrillak eman dute izena, eta bozpasei kideko taldetan banatuta, errelebokako lasterketa egin dute. Korrikan, karretilan, igeriketan, zirrindolan eta zaku lasterketan egitea izan dira egin beharreko lanak. Mutilen eta talde mistoen mailan, Traganarruak taldeak lortu du denborarik onena egitea: 3 minutu eta 8 segundoan amaitu dituzte lanak. Bigarren, ostera, Drogaboga taldea geratu da (3:41) eta hirugarren, Tzanpionza (3:53). Nesketan, ostera, Bagabiz izan da azkarrena, 3 minutu eta 53 segundoko denboragaz, eta Itxijok (4:06) eta Zezabix (4:09) taldeek osatu dute podiuma.

Kuadrillen arteko proben nesken mailako irabazleak.

Kuadrillen arteko proben mutilen mailako irabazleak.
Kirol batetik bestera, 12:30ean II. Lumentzara igoera hasi da. Bederatzi partaideren artetik azkarrena Aritz Iriondo Erkiaga izan da; 3 minutu eta 38 segundoan heldu da Lumentzara. Nesketan, ostera, Alaitz Kortabitarte Uskola heldu da lehenengo postuan, lau minutu eta hamabi segundoko denbora eginda. Ostean, produktu sorta bat zozketatu dute partaideen artean.

II. Lumentzara igoeran parte hartu duten kirolariak.
Goizeko jarduna amaituta, herri bazkarian elkartu dira denak, arbolapean. Arratsaldean ostera, Elektrotxufla elektrotxarangaren txanda izango da, eta gaua Marte Lasarte eta Zea Mays taldeek girotuko dute. Bihar [irailak 4] ostera, Antzar Bezpera ospatuko dute.