Jai herrikoien aldeko mezua zabaldu du Nikolas Txikik Samikolla auzoan
Samikollako Jai Batzordeko kideek zapatuko balorazio "oso positiboa" egin dute. Irailaren 10ean San Nikolas eguna ospatuko dute auzoan.
Samikollako auzotarrak jaiak ospatzen. Samikollako Jai Batzordea. Jai giro ederrean ibili dira asteburuan Mutrikuko Samikolla auzoan. Jai batzordetik zapatuko egunaren balorazio “oso positiboa” egin dute, baita aurtengo berrikuntzena ere: “Oso positiboa da egiten dugun balorazioa. Eguraldi ona egon zen, ez bero gehiegi, baina eguzkia. Goizean goizetik jende asko gerturatu zen auzora, eta eguerdirako, buruhandiekin eta erraldoiekin ere jende mordoa igo zen. Pintxo asko jan ziren, eta edariak ere ez ziren atzetik ibili”. Nikolas Txikiren jaitsiera izan zen eguneko berrikuntza handiena, eta jai herrikoien aldeko mezuekin busti zuen auzoa.

11:00etan eman zioten hasiera jaiari, txupinazoa, txosna irekiera eta brindisarekin: “Momentu intimoa izan zen, geurea. Auzotarrak egon ginen”. Segidan, erraldoiak, buruhandiak eta txistulariak igo ziren Goiko Plazatik: “Kalejirak ere jende mordoa ekarri zuen auzora. Puzgarrietan ume asko ibili ziren salto-saltoka, eta erraldoiek ere ikuskizun polita eskaini ziguten, betiko moduan”.
Eguerdian, estreinakoz, Nikolas Txiki jaitsi zen auzora, eta Jai Batzordeko kideen hitzetan, “harrera ona” izan zuen: “Jendeari grazia egin zion, eta polita izan zen. Auzoko kontuak kontatu zituen, baita herrikoak ere, guztia ironia puntu batekin. Hori izango da Nikolas Txikiren estiloa aurrerantzean. Auzoko kontuak kontatzeaz gain, jai herrikoiek aldeko mezua bota zuen. Hori baita zabaldu nahi dugun aldarria. Jaiak antolatzen dabiltzan auzotarrak ere aipatu zituen”. Gainera, Nikolas Txiki aholkulari bila etorri zela azaldu dute: “Bere ardura garrantzitsuak utzi, eta Samikollako lehendakari izatera etorri zen, auzoak independentzia lortzen duenerako. Datorren urtean ikusiko dugu zein aukeratzen duen lehendakari gisa”.
Ondoren, bazkaritan batu ziren 70 lagun inguru, eta Balentin Zumalabe herritarrak egindako paella jan zuten: “Sekulako paella egin zigun Zumalabek. Oso ona zegoen guztia”. Bazkalostean, urteroko kantuen txanda izan zen: “Asko luzatu zen kantaldia, oso gustura geunden eta. Oso hunkigarria izan zen, izan ere, iaz hildako auzokide bat izan genuen gogoan, bera baitzen abestien arduraduna. Oso momentu polita izan zen”.

17:00etan, jendea igo zen auzora, eta segituan hasi ziren zezen txiki eta pottoken artean jolasean: “Arratsaldea indartsu hasi ginen. Gainera, zezen txikiekin eta pottokekin ibili ondoren, karaokearen txanda izan zen, eta oso ondo egon zen”. Eingo taldeak auzo guztia dantzan jarri zuen iluntzean: “Eingo taldearekin oso ondo asmatu genuela uste dugu. Sekulako giroa jarri zuen, eta jendea auzoan gelditu eta bertan afaltzeko balio izan zuen”. Laket taldearen kontzertua ere “oso ona” izan zela azpimarratu dute: “Inguruko herrietatik ere etorri zen jendea gauean, eta goizaldera arte jarraitu zuen festak”. Gauerako ere beste ezusteko bat prest zeukan Jai Batzordeak: “Axular Arizmendik Samikollako jaietako kantua estiloz aldatu zuen, Techno Progressive estiloan jarriz: “Abestia estilo berrian aurkeztu genuen, eta harrera ona izan zuen”.
Zapatukoa egun handia izan arren, eguenean ere San Nikolas eguna ospatuko dute Samikollan. 11:00etan emango diote hasiera, mezarekin, eta segida, salda eta txorizoa dastatzeko aukera egongo da. Horrez gain, zapatuan saldutako boletoen zozketa egingo dute momentuan.