Lea-Artibai eta Mutrikuko mendizaleek mendi ibilaldia egingo dute domekan
Markina-Xemein, Ondarroa, Mutriku eta Debako mendizaleak Saioa [Nafarroa, Baztan] mendira joango dira domekan [irailak 13].
Markina-Xemein, Ondarroa, Mutriku eta Debako mendizaleak mendi ibilbidea egingo dute domekan [irailak 13]. Baztango [Nafarroa] Saioa (1.418 metro) mendira joango dira, eta 15 kilometro egingo dituzte, 700 metroko desnibelagaz. Markina-Xemeindik aterako da autobusa 07:00etan; 07:15ean Ondarroatik pasako da; 07:20ean Mutrikutik; eta azkenik, 07:30ean Debatik. Domekako txangoa Debako Burdin Kurutz taldeak antolatu du.
Datozen hilabeteetan ere egingo dituzte mendi ibilaldiak. Izan ere, urriaren 18an Araba eta Nafarroaren artean dagoen Joar [1.417] mendira joango dira, Aurrera Mendi Taldeak antolatuta. Azaroaren 15ean Aralarrera egingo dute irteera, Burdin Kurutzek antolatuta, eta abenduaren 13an, Artibaik antolatuta, Markina-Xemeingo inguruetan zeharkaldia egingo dute, eta ondoren bazkaritan batuko dira. Aipatutako ibilaldiak Ondarroako Aurrera, Mutrikuko Burumendi, Markina-Xemeingo Artibai eta Debako Burdin Kurutz taldeek elkarrekin antolatutako irteerak dira, urte guztian egiten dituztenak.