Eguraldi ederrarekin hasi dituzte Galbaixo jaiak mutrikuarrek
Galbaixora igo dira gaur [irailak 14] goizean mutrikuarrak, Galbaixo eguna ospatzera. Eguerdian, goitibeheretan jaitsi dira Goiko Plazara.
Gaur [irailak 14] hasi dituzte mutrikuarrek Galbaixo jaiak. Goizean goizetik jendea batu da Galbaixoko ermita bueltan, eta mezaren ostean herri kirolak ikustera bertaratu dira herritarrak. Gainera, udalak autobusak jarri ditu goitik beherako ibilbidea egiteko; beraz, batzuk oinez eta besteak autobusean, jendetza batu da plazan.
Eguzki izpiek gogor jo duten arren ez dira atzean geratu herri kirolariak. Lehenengo, aizkolarien txanda izan da, eta Aratz Mugertza Mugertza III eta Aitzol Atxutxak hartu dute erdigunea. Banakako jarduna egin ostean, Izadi Agirre eta Aritz Aranguren Norde harrijasotzaileak irten dira plazara. Arangurenek hartu du lehenengo 113 kiloko harria, eta 12 altxada egin ostean, Agirreri eman dio erreleboa. Lehenego aldia izan da Agirre Mutrikuko Galbaixora joan dena, eta hizlariak “azkena ez izateko esperoan” gelditu dira. 75 kiloko harriari sei altxada egin dizkio Izadi Agirrek. Goitxibeheren ordua heldu arte, horrela jarraitu dute plazan, ikusleen txalo zaparrada artean
14:30 aldera bota dute suziria, eta segituan jaitsi da lehenengo goitibehera Galbaixotik behera. Guztiek amaitu dute Goiko Plazan ibilbidea, eta jendetza egon da bide izkinetan goitibeherak animatzen. 18:00etan sokamuturra hasiko da, Ibiri ganadutegiaren eskutik, eta ondoren, EinGo taldearen txanda izango da. Egunari amaiera emateko Muxutruk erromeria egongo da Beheko Plazan.