2,1 milioi euro bideratuko dituzte arrantza-komunitateen "dibertsifikazio ekonomikoa sustatzera"
Eusko Jaurlaritzak 2,1 milioi euro bideratuko ditu Bizkai, Araba eta Gipuzkoako arrantza-eremuen "garapen jasangarrira". 17 udalerritan aplikatuko da estrategia, hala nola, Ondarroan, Mutrikun, Berriatuan eta Lekeition.
Eusko Jaurlaritzak, Tokiko Garapen Parte-hartzailearen Estrategiaren eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren barruan, 2,1 milioi euro bideratuko ditu Bizkai, Araba eta Gipuzkoako arrantza-eremuen garapen jasangarrira, arrantza-komunitateen dibertsifikazio ekonomikoa sustatu, enplegua sortzea bultzatu eta ekonomia urdinagaz lotutako jarduerak sustatzeko helburuagaz. Aurreikusitako estrategia hamazazpi udalerritan aplikatuko da, tartean, Lekeition, Berriatuan, Ondarroan eta Mutrikun.
Laguntza deialdia Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldearekin —Itsas Garapen Elkartearekin— elkarlanean kudeatu du Jaurlaritzak, elkartea arduratzen baita estrategiaren aplikazioa bere lurralde-esparruan garatzen dela bermatzea.
Azaldu dutenez, arrantzaleen kofradiak eta haien federazioak izan daitekez laguntzen onuradunak, baita langile-elkarteak, ekoizleen erakundeak eta arratzaren esparruagaz lotutako beste erakunde batzuk ere. Horrez gain, jarduera nautikoagaz, arrantza produktuen sustapenagaz, itsas eta kostaldeko ingurumenagaz, itsas eta arrantza ondareagaz prestakuntzagaz eta turismo zein ekonomia urdinagaz lortutako proiektuak garatzen dituzten eragileak ere laguntza jaso ahal izango dute.
Aurrekontua.
Bideratuko diren 2,1 milioi euroetatik, 1,47 milioi euro Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari dagozkiola azpimarratu dute Jaurlaritzatik; gainerako 630.000 euroak, ostera, Euskadiko Aurrekontu Orokorretik aterako dira. Diruaren erabilerari dagokionez, 1,85 milioi euro “ekoizpen inbertsioetara” bideratuko dituzte eta, ekoizpenik gabeko inbertsioetara, berriz, 230.000 eur0. Enplegua sortzeko gordetako diru saila 20.000 eurokoa da. “Guztizko zatiduratik, 100.000 euro 2026ko ekitaldirako izango dira eta 2 milioi euro 2027. urterako”, azpimarratu dute.
Aurrekontuaren zati handiena hartuko duten ekoizpen inbertsioek “enpresa berriak eta arrantza-sektorearen dibertsifikazioarekin lotutako negozio-ildo berriak sortu eta abian jartzea” ahalbidetuko du. Laguntza mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainek eta enpresa izaera hartuko duten pertsona fisikoek jaso ahal izango dute.
Bestetik, ekoizpenik gabeko inbertsioek “interes kolektiboko proiektuak babesteko aukera” eskainiko dute, esaterako, arrain-kontsumoa sustatzeko kanpainak, trantsizio digitala edo arrantaza-ondarea ezagutarazteko jarduerak.
Enplegua sustatzeko ildo propioa ere jasotzen da laguntza deialdian: “Kontratazio berriak zein autoenplegua sustatzea eta gizarte-ekonomiako enpresetan sartzea bultzatuko dira, betiere jarduerak arrantza-sektorearen dibertsifikazioarekin edo ekonomia urdinarekin lotuta badaude”, zehaztu dute.
Izan ere, deialdiak Eusko Jaurlaritzak arrantza-komunitatearen “garapena indartuko” duela aldarrikatu dute, jarduera ekonomiko berriak eta enplegua sortzea babestu eta “itsasertzeko ingurumen, kultura eta itsas baliabideak balioak jarriz”.