Mahonezko jantzi da Piñastegi Egunean Mutrikuko portua
Portua izan da gaurkoan [irailak 16] mutrikuarren epizentroa. Galbaixotarren Egunean [irailak 20] emango diote amaiera jaiei.
Aurreko bi egunak atzean utzita, Piñastegi Egunari heldu diote gaurkoan [irailak 16] mutrikuarrek. Mahonezko alkandorak soinean, kolore urdineko bihurtu da goizean goizetik Mutrikuko portua. Gaurkoa pasata, domekan [irailak 20] emango diote amaiera jaiei, Galbaixotarren Egunarekin.
Sardina usaina ere urrunetik usaindu zitekeen, izan ere, moilarako bidean egon dira Aizabia Elkarteko kideak sardina erreak egin eta banatzen goiz osoan. Segituan, ohi bezala, erraldoi eta buruhandien konpartsaren kalejirarekin eman diote hasiera egunari, Mutrikuko musika bandak herritik porturainoko bidea musikaz alaitu duen bitartean. Portuko kale estuetatik sartu eta urtero bezala, bertan gelditu dira, pregoia bota eta Piñastegiko txerriari elkarrekin abesteko: “Dagoeneko lehertu da/San Piñastei festa/Bihotz eta arimaz/gozatzera presta/pixkat pasatu arren/ez zaitez kezka/fandango danak dauka/bere errebuelta“. Ondoren, kaleetatik atera eta portuan amaitu da kalejira. Bertan, musika bandak jotzen jarraitu du, eta bitartean, erraldoiek dantzan egin dute.
Segituan hasi dira umeen jolasak, eta burua irinetan sartuta ibili dira herriko txikienak. Ondoren, makila hartu, begiak estali, eta sokatik dindilizka zeuden itsulapikoak apurtzea izan da umeen hurrengoko erronka. Ingurukoen laguntzarekin, errez ibili dira parte hartzaileak. Bestalde, ordu berean, Zinga txapelketa egon da Arraun Elkartearen eskutik.
13:30ean hesiak borobil forman jarri, eta sokamuturraren txanda izan da, Saka ganadutegiaren eskutik. Arratsaldean ere egongo dira zezenak, baita kukaña ere. Izan ere, planik ez da faltako gaurkoan Mutrikuko portuan.
Azkena, auzoan. Domekan [irailak 20] emango diote amaiera Galbaixo jaiei, Galbaixotarren Egunarekin. Ume zein nagusientzako egitaraua egongo da auzoan: Gure Ametsaren dantza emanaldia, umeentzako jolasak, bola txapelketa, eta baita trikitilariak ere. Gainera, autobusa egongo da herrigunetik Galbaixora, 11:30ean eta 16:30ean. Galbaixotik herrigunera jaisteko 14:30ean eta 19:30ean egongo da zerbitzua.