"Oso ondo" joan dira Sant Eufemi jaiak
Atzo [irailak 20] eman zioten amaiera Aulestiko Santa Eufemi jaiei. Antolatzaileek jaien "oso balorazio ona" egin dute.
Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko elkarretaratzea egin dute. Leire Aranburu. Atzo [irailak 20] eman zioten amaiera Aulestiko Santa Eufemi jaiei. Eguaztenean [irailak 16] “goi-goitik” hasi ostean, asteburuan borobildu dituzte jaiak aulestiarrek. “Eguraldi ona lagun, oso ondo joan dira jaiak. Giro ederra egon da. Eguaztena izan zen apur bat tristeagoa, baina orokorrean, guztia ondo atera da”, azaldu dute antolatzaileek.
Mezagaz hasi zuten eguna atzo, eta ondoren, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzean batu ziren: “Jende asko batu zen zelaian”. Ondoren, 45. ermitara igoera egon zen; mutiletan, Ibon Badiolak irabazi zuen lehenengo saria, eta nesketan, Amaiur Etxeandiak: “Guztira 71 lagunek eman zuten izena, 49 mutilek eta 22 neskak. Inoizko parte hartzaile gehien. Irabazleak segundo batengatik ez zuen gainditu 2006an Julen Aranguenak lortutako errekorra [03:52]”. Nesketan Ireder Angulok eskuratu zuen bigarren saria; Jone Oar-Artetak hirugarrena; Malen Aldaigoikoak laugarrena; eta Maddi Atristainek bosgarrena. Mutiletan, berriz, Paul Hormaetxeak eskuratu zuen bigarrena; Unai Alberdik hirugarrena; Julen Aranguneak laugarrena; eta Xabi Vegasek bosgarrena. Herriko parte hartzaileek dagokienez, Sara Asenjok eta Igor Urionabarrenetxeak eskuratu zuten saria. Ermitako igoeraren ondoren, 36. Irrintzi txapelketa egon zen, eta Bakarne Oinederrak irabazi zuen; Lore Idigoras izan zen bigarrena; eta Leire Bilbao hirugarrena: “Irrintzi txapelketako aurkezlea den Gema Mendietak urte askotan irrintzi lehiaketako aurkezle izandako Bittorio ekarri zuen gogora, eta baita, urtero parte hartzen duen Lorea Zarragoikoetxea ere, oraingoan ezin izan delako joan”.
Bizkaiko 35. Hiru Txirlo Bola joko txapelketagaz eman zioten amaiera egunari. Mateo Guenagak irabazi zuen txapelketa, Oier Txurrukak eskuratu zuen bigarren postua, eta Angel Ibarluzeak hirugarrena.
“Esan bezala, oso ondo joan dira jaiak, eta balorazioa oso positiboa da. Eguraldiak asko lagundu du, eta urte askotan galduta geneukan tradizioa bueltatu da. Izan ere, aurten, kontzertuak beheko zelaian jarri ditugu. Polita izan da dena”.
Plaza beteta. Eguaztenean hasi zituzten aulestiarrek Santa Eufemi jaiak, eta antolatzaileek azaldu dutenez, Aulestiko plaza “beteta” egon zen: “Jende asko etorri zen barikuan kontzertuak ikustera, aspaldiko gehien. Oso giro ona egon zen, eta oso pozik gaude horrekin”.