Aulestiko Udalak herriko norabidea finkatuko duen plan estrategikoa jarri du martxan
Aulestiko Udalak herriaren etorkizuna marrazteko helburuagaz, plan estrategikoa jarri du martxan. Herritarrak izango dira protagonista, eta udalak zenbait hitzordu jarri ditu plana osatzeko.
Aulestiko Udalak herriko norabidea finkatuko duen plan estrategikoa jarri du martxan, herritarrekin batera. “Aulestiren etorkizunaz hausnartzeko premia ikusi genuen, azken urteetan herria asko aldatu da; nahiz eta oinarrizko zerbitzuak mantendu, denda eta taberna gutxiago dago herrian. Beraz, horri buelta emateko asmoz, plan estrategikoa jarri dugu martxan”.
Beste herri txiki batzuetako planak oinarrian hartuta eta Emun kooperatibaren laguntzagaz, Aulestiren etorkizuna finkatuko duen bideorria idazten hasi dira: “Plan estrategikoak aulestiarren beharrak, ametsak eta proposamenak jaso nahi ditu. Zerbitzuak, hirigintza, kultura, euskara, zaintza, ekonomia… alor guztiak egongo dira mahai gainean, eta zein erronka daukagun zehaztuko dugu, ondoren lehentasunak azpimarratzeko”.
Hala, prozesuaren lehenengo zatia garatzen dabiltza orain, eta urrian, saio irekiekin hasiko dira: “Diagnostikoa osatzen gabiltza. Alde batetik, eskura dauden datu kuantitatiboak erabiliko ditugu, eta bestetik, herritarrei egindako elkarrizketetatik eta hauen sentsazioetatik aterako dituzte datu kualitatiboak”. Elkarrizketa batzuk egin dituzten arren, herritar guztientzako eskura jarri dute galdetegia, urriaren 4ra arte:”QRa eskaneatuta edo udaletxeko galdetegia beteta parte hartu daiteke”.
Herritarren parte hartzea handiagoa izateko, hiru saio egingo dituzte udaletxeko hirugarren solairuan, guztiak 18:00etan. Urriaren 9an izango da lehenengoa, eta bertan, gaur egun Aulesti nola dagoen landuko da: “Aulestiren gaur egungo argazkia egingo dugu. Ondo zer dagoen, eta zer botatzen dugun faltan aipatuz. Hau da, indarguneak eta gabeziak identifikatuko ditugu”. Bigarren saioa urriaren 30ean egongo da, eta “Zelako Aulesti nahi dugu?” galderari erantzungo diote: “Ideia eta proposamen zehatzak mahaigaineratuko ditugu, eta proposamenak idazten hasiko gara”. Hirugarren saioa azaroaren 13an egingo dute, eta ondorioak ateratzea eta lehentasunak finkatzea izango da helburua. Planari azken forma emango diote, denen artean.
Hasierako diagnostikoan eta ondorengo saioetan ateratako ondorioak batu, eta Aulestiren etorkizuna bideratuko duen bideorria diseinatuko dute: “Aurreikusten dugu plana abenduaren amaierarako egongo dela osatuta, eta udaletik jarraipena egingo diogu abendutik aurrera”.
Aulestiko Udaletik herritarrak saioetan parte hartzera eta galdetegia betetzera animatu nahi dituzte: “Gure herriaren etorkizuna idazteko momentua da. Zure iritziak, txikia iruditu arren, balio handia du. Zatoz eta parte hartu! Denon artean Aulesti hobea egingo dugu”.