Betiko formatuagaz dator 26. Umeen Arrantza Lehiaketa
Zapatuan lehiatuko da Ondarroako 26. Umeen Arrantza Lehiaketa. 14:00etan hasiko da, herriko frontoian.
Urteroko hitzordua bihurtu da Ondarroako Udalak eta Arrigorri Itxas Arrantza Elkarteak antolatutako arrantza lehiaketa, eta zapatuan [irailak 26], hogeita seigarrena ospatuko dute. Suziriagaz batera emago diote hasiera, eta arrantzale txiki bakoitzak bere lekua aurkitu beharko du hondartzako zubitik barra puntarainoko tartean. Hala ere, lehenago, 14:00etan, herriko frontoian batuko dira guztiak bokatak, amua eta aparailua jasotzeko. Antolatzaileek zehaztu dutenez, lau urtetik hamalau urtera arteko umeek parte hartu ahalko dute; gutxi gorabehera, 400 ume ariko dira arrantzan.
14:30ean hasiko da kalejira frontoitik, eta txistu doinuez lagunduta, herriko kaleak zeharkatuko dituzte umeek. Behin Itsasaurrera heldutakoan, suziriagaz batera hasiko da lehiaketa, baita amaitu ere, 17:00ak aldera. Ondoren, frontoira bueltatuko dira parte hartzaileak eta sariak banatu bitartean, Herribixi kolektiboak girotuko du tartea.
Arrain gehien arrantzatu dituztenek jasoko dute saria, baita, parte hartzaile guztien artean arrain pisutsuena arrantzatu duenak ere. Horrez gain, ume guztientzako egongo dira sariak, eta parte hartzaileen artean zozketa egingo da. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, amuarekin arrantzatu beharko da eta ezingo da lazunik arrantzatu. Horrez gain, 10 zentimetrotik gorako arrainak arrantzatu beharko dira.