Ihart Arakistain-Maia Goikoetxea eta Aritz Erkiaga-Gorka Sorozabal bikoteek Jai Alai Ligaren Lauko Finalaren final handia jokatuko dute.
Urte osoan jo eta su aritu ondoren, tanto bakar batek egin ditu Jai Alai Ligaren final handira sailkatu ala ez erabakitzeko epaile lanak. Carmelo Balda pilotalekuak ligaren Lauko Finalaren finalaurreko jardunaldi gogoangarri hartu zuen atzo [irailak 21], eta bai gizonezkoen, bai emakumezkoen finalerdiak hirugarren setaren azken tantoan erabaki ziren.
Gizonezkoen finalaurrekoak Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal Eñaut Urreistiren eta Unai Lekerikaren aurka elkartu zituen. Urreisti aurrelari mutrikuar gaztea izan zen partiduaren ezusteko atseginena: hilabete bi geldirik egin ondoren, kantxara bueltatu zen; bere mailarik onenetik urrun egonagatik ere, oso lehiakor azaldu zen. Lekerikak ireki zuen tantoen potoa, tanto luze eta borrokatua patrikaratuta. Edozelan ere, Erkiagak atoan hartu zuen partidaren aginte makila, eta, 8 eta 7rako, harrezkero zazpi tanto bere poltsikoan zituen. Hamarreko berdinketara arte, set orekatua izan zen, baina, ordutik aurrera, Erkiaga eta Sorozabal gailendu egin ziren.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarren setean, material bizia beren alde baliatu ziren mutrikuarrak eta gernika-lumotarrak, eta alde nabarmenak urratu zituzten: Lekerikak eskumaz min handia egin zuen, eta Erkiagaren hutsegiteak eragin. Edozelan ere, ispastertarrak eta miarriztarrak gogor eutsi zioten erasoari. Aurrelari bien arteko hartu-eman etengabekoa besteko gupidagabea izan zen. Azkenen, Lekerikak unerik egokienetan eraginkor azaltzen asmatu zuen, eta arerioak presiopean ipintzen. Hala, berdinketa haustea behartu zuten.
Azken set hartan, Erkiagak eta Urreistik osatutako bikote larrosak hiru tantoko pitzadura zabaldu zuen markagailuan, baina berdeek beren aukerak zukutu zituzten, Urreistiren errebota azpimarragarri bat tarteko. Azken tantoan, Sorozabal agertu zen: eskumakada boteretsu batekin, pilota arerioen tartera bidali zuen, azken tantoa eskuratzeko. Beraz, duela hiru urte elkarrekin irabazitako liga txapelketa berriro lortzearren borroka egingo dute hurrengo astelehenean [irailak 28] Erkiagak eta Sorozabalek. Aurrez aurre, baina, bere hirugarren Urrezko Gerrikoa lortu guran ariko den Xabier Barandika gernika-lumotarra eta ligako sailkapeneko pilotaririk onena, Thibault Basque bidartarra, edukiko dituzte.

Iazko txapeldunak, elkarren aurka.
Emakumezkoen finalaurrekoak Ihart Arakistain sopeloztarra eta Maia Goikoetxea berriatuarra Maite Ortiz de Mendibil andetxarraren eta Frida Watkins zumaiarraren aurka elkartu zituen. Goikoetxeak egungo atzelaririk seguruena dela frogatu zuen beste behin, partiduko une giltzarrietan bere dominantzia ezarrita. Hain zuzen, Arakistain eta Goikoetxea 6 eta 1 aurreratu ziren, baina aurkariek seina berdintzeko esfortzua biribildu ahal izan zuten. Edozelan ere, berdinketa hark gutxi iraun zuen: sopelarrak eta berriatuarrak, arabarra partidutik erabat aterata, 15. tantora arteko jauzia egin zuen.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarren setean, finalaurrekoaren erradiografia
errotik aldatu zen. Ortiz de Mendibil askoz gehiago sartu ahal izan zen jokoan, eta hark gehien egokitzen zaion estrategiari atea zabaldu zion:
erasora jotzeari. Watkinsek esfortzu eskerga egin zuen atzealdeko koadroetan, eta konbinazio hark fruitua eman zuen, seta poltsikoratu baitzuten. Berdinketa haustean, baina, partiduak hasieran zuen antz berbera hartu zuen, alegia, Arakistainek eta Goikoetxeak
berriro aginteari heldu zioten.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Aginte hura, baina, gogotik borrokatu behar izan zuten. Setaren lehen erdian nagusi azalduagatik ere, lanak biribiltzea kostatu zitzaien hautagaiei. Watkinsek finalaurrekoaren argi-itzalak pairatu zituen: launako berdinketa hark lortu zuen, baina azken tantoan huts egin ere bai. Horrenbestez, astelehenean, iazko bi txapeldunak elkarren aurka ariko dira: Elaia Gogenola eta Goikoetxea. Lehenak Arai Lejardi izango du bikotekide.