Ane Labakak irabazi du Euskal Herriko bertsolari txapelketako Lekeitioko saioa
Jendez lepo egon zen atzo Lekeitioko Santi Brouard kiroldegia, Euskal Herriko bertsolari txapelketako hirugarren saioan. Zapatuan Altsasun lehiatutako saioan, Oier Etxeberria nagusitu zen.
Lekeitioko Santi Brouad kiroldegia bete zuten atzo [domeka] bertsozaleek, Euskal Herriko bertsolari txapelketako lehenengo faseko hirugarren saioaz gozatzeko. Eneritz Artetxe Eizagirre, Maddalen Arzallus Antia, Ane Labaka Mayoz, Aitor Bizkarra Ruiz, Aroa Arrizubieta Barredo eta Aner Peritz Manterola igo ziren oholtzara, eta Ane Labakak poltsikoratu zuen lehenengo postua [681 puntu], zuzenean Gernika-Lumoko [azaroak 7] finalaurrekora sailkatuz. Gainerako bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute bigarren fasera sailkatzeko aukera.
Ia 1.000 lagun elkartu ziren atzo Lekeition, eta Idoia Anzorandia Kareagaren gidaritzapean igo ziren sei bertsolariak oholtzara, zoriak erabakitako ordenan. Txalo artean hasi ziren seiak bertsotan, eta hasierako agurren ostean, ariketa puntuagarrien txanda izan zen. Saioaren hasieratik argi utzi zuen Labakak “etxean” jokatzen zuela; izan ere, horrela agurtu zituen bertsozaleak: “Anfitrioi gozoa bezain/gaiztoa izan ninteke/sartu lasai barruraino/nire etxean zaudete”. Indar berdinagaz erantzun zion publikoak ere. Hala, sailkapenean lehenengo postua lortuz, 681 puntu eskuratu zituen Labakak; Aner Peritz Manterolak 679; Maddalen Arzallus Antiak 677,5; Aitor Bizkarra Ruizek 676; Eneritz Artetxe Eizagirrek 646; eta Aroa Arrizubieta Barredok 616.
Zapatuan, Altsasun. Oier Etxeberria Zubimendik irabazi zuen zapatuan [irailak 26] Altsasuko saioa. Maialen Belarra gidari, sei bertsolari igo ziren oholtza gainera, eta horrela geratu zen sailkapena: Oier Etxeberria [672,5]; Eneko Araiztegi (659,5); Txaber Altube (648,5); Imanol Uria (647,5); Iñigo Mantzizidor (638); eta Eñaut Matikorena (637,5).
Datorren asteburuan beste bi saio lehiatuko dira. Zapatuan [urriak 3] Donapaleun (Nafarroa Beherea) egongo dira Eneko Lazkoz Martinez, Iñaki Viñaspre Simon, Maider Arregi Markuleta, Oihana Iguaran Barandiaran, Saioa Alkaiza Guallar eta Sarai Robles Vitas. Domekan [urriak 4] Tolosan batuko dira bertsolazeak Aitor Servier Etxexuri, Amaia Iturriotz Etxaniz, Eli Pagola Apezetxea, Jone Uria Albizuri, Julio Soto Ezkurdia eta Oihana Bartra Arenas bertsolariak entzuteko prest.