ELAk lau greba egun deitu ditu Bizkaiko lokal eta eraikinetako garbiketa sektorean
Gaurtik [irailak 28] eguenera [urriak 1] arte greba egiteko deia egin du ELA sindikatuak. Soldata hobekuntzak, lanaldi osoak eta gaur egun dituzten eskubideei eustea dira grebaren aldarrikapenak. Bestalde, LAB sindikatuak antolakuntzaren eta borrokaren aldeko apustua egin du.
Lau greba egun deitu ditu ELAk Bizkaiko lokal eta eraikinetako garbiketa sektorean: gaur, bihar, etzi eta urriaren 1ean. Sindikatuak lan hitzarmena “blokeatuta” dagoela salatu du, eta horregatik deitu ditu greba egunak. Soldata hobekuntzak, lanaldi osoak eta gaur egun dituzten eskubideei eustea dira langileen aldarrikapenak.
Azaldu dutenez, 2025eko urtarrilean abiatu zen negoziazioa, eta urte eta erdi beranduago eta 2026an egindako greba eta mobilizazio jardunaldien ostean, negoziazioak blokeatuta jarraitzen du: “ASELBI-CEBEK eta ASPEL patronalek sektorearen aldarrikapen nagusiak baztertzen dituzte, eta, gainera, gaur egun hitzarmenak jasotzen dituen zenbait lan eskubide okertzea ekarriko luketen proposamenak egin dituzte”.
Aipatutako aldarrikapenen artean, lanaldi partziala gainditzeko eta lanaldi osoetarako sarbidea ahalbidetuko duen ordezkapen eta lanpostu hutsuneen sistema ezartzea, eta urteko 22.500 euroko gutxieneko soldata lortzea daude: “Hobekuntza horiek, nolanahi ere, ez lukete gaur egun hitzarmenak aitortzen dituen eskubideen murrizketarik ekarri behar, hala nola adi baterako ezintasunagatiko eta antzinatasunagatiko osagarrietan”.
Sindikatutik azpimarratu dutenez, Bizkaiko lokal eta eraikinetako garbiketa sektoreak 11.000 langile biltzen ditu; gehienenak emakumeak. Gaur gaurkoz, 18.000 euroko soldatak dauzkate urtean, eta lan karga “handia” da: “Lan baldintza horiei laneko karga eta erritmo handiak gehitzen zaizkie; horrek eragina du langileen osasunean eta aldi baterako ezintasunak areagotzen ditu”. Hala, ELAk patronalaren atzean dauden enpresen jarduna kritikatu du: “FCC, ISS, EULEN, SERVEO eta CLECE-ZAINTZEN enpresek negozio eta irabazi bolumen handiak dituzte, sektoreko langileek prekaritatea jasaten jarraitzen duten bitartean”.
“Antolakuntza eta borroka”. Bestalde, LAB sindikatuak “antolakuntzaren eta borrokaren aldeko” apustua egin du Bizkaiko garbiketa hitzarmenari dagokionez: “LABen argi daukagu Bizkaiko garbiketako hitzarmena borrokatik pasatzen dela, lehen lerroan egotetik, baina baita erantzukizun sindikal batetik negoziatzetik ere”. Sindikatutik aipatu dutenez, joan den ikasturtean negoziazio mahaia patronalen “azken aukera” batekin amaitu zen. Hala, lehen aldiz patronalak 1.500 euroko soldatara (15 pagatan) hurbiltzen zen proposamena egin zuela azaldu dute, “IT osagarriei eragingo liekeen formula bategaz”: “Negoziazio osoa daramagu esanez gure osasunagaz ez dela jolasten, eta, beraz, proposamenak ez zuela balio”. Hala ere, LABetik kontraproposamen bat egiteko unea zela ulertu zuten: “Lehenik eta behin, ELAri proposatu genion kontraproposamen hori elkarrekin egitea, kontuan hartuta borroka prozesu bat egin dugula elkarrekin”. Sindikatuak azpimarratu du mahaian ordezkaritza txikiena duen sindikatua dela, hala ere, bakarrak izan direla negoziatzen saiatu direnak. “Gainerakoek, ELAk barne, gehiengoa izanda, denbora pasatzen utzi zuten. Seguru asko, elkarrekin lan egin izan bagenu, orain beste egoera batean egongo ginateke. Baina uztailean inork ez zirudien negoziazio honek aurrera egiteko interesik zuenik”.
Nahiz eta %13ko ordezkapena izan, %100 emateko “prest” daudela azaldu dute: “Negoziazioa serio hartzen dugu eta baita kalean egon eta hitzarmenaren alde dena eman. Badakigu inork ez digula inoiz ezer oparitu eta ditugun eskubide guztiak borrokaren bidez lortu ditugula. Horregatik, borrokarekin jarraituko dugu hitzarmena lortu arte”. Baina, oraingoz, bidea bakarrik jarraituko dutela adierazi dute: “Hilabeteetako borrokaren eta 13 greben ondoren negoziatzeko aukera zabaldu denean, ez dugu ikusi beste sindikatuek negoziazioan aurrera egiteko inolako interesik zutenik. Eta guk ez dugu hau makillatuko”. Hala ere, uste dute batasuna “ezinbestekoa” dela negoziazioan ezarritako helburuak lortzeko: 1.500 eurox15 soldata eta bakanteen sistema. “Baina batasun hori kalean zein negoziazio mahaian egin behar da, eta batak bestea gabe ez du balio. Erantzukizun sindikal handiagoarekin eta titularren sindikalismo gutxiagorekin”.
Gora Garbitzaileak kolektiboaren bitartez aktibatuko du LABek bide propioa negoziazio mahaia baldintzatzeko, bide “desobedienteagoa eta aktibistagoa“: “Grebak ere egingo ditugu berriro, baina greba tresna gisa ulertuta eta ez helburu gisa. Izan ere, greba ezin da helburu bihurtu, borroka mekanismo hori aktibatzen eta tekla egokian ematen jakin behar da”. Beraz, patronalak mugiarazteko garaia dela aldarrikatu dute LABetik: “Ez gara geldituko Bizkaiko eraikinen eta lokalek garbiketako hitzarmen bat lortu arte, kolektibo honek merezi duen mailan. Entzun egingo gaituzte eta lortuko dugu!”.