Seigarren negua berotzeko desioa
Urriko Azkenengo Astelehenean hasiko dute Eusko Label Winter Series, eta osatu dituzte bikoteak.
Puntistak zapatuan, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian.Eraman Jai Alai Seigarrena ere badator. Hiru aste geratzen dira Eusko Label Winter Series hasteko eta Gernika-Lumoko astelehenak are bereziagoak izateko. Bikoteak erabaki dira, eta orain, partiduen egutegia ezagutzea baino ez da geratzen. Batzuek berriro ere podiumaren gorenera ailegatzeko ahalegin betea egingo dute, eta beste batzuek lehenengoz postu hori konkistatzeko erronka daukate aurrean. Hauek dira neguko txapelketaren seigarren aldiko bikoteak: Barandika-Basque, Erkiaga-Salegi, Johan-Ibarluzea, Goixerri-Lekerika, Ladutxe-Manzi, Olharan-Gorka, Goitia-Oyhenard eta Urreisti-Atain.
Jai Alai Ligako txapeldunek, Xabier Barandikak eta Thibault Basquek, iaz elkarrekin hasi zuten winterra, baina Barandikaren lesioaren ondorioz, Bidartekoak Johanekin finala jokatu, eta garaipena lortu zuten. Beraz, iazko arantza ateratzeko gogoz dago 36 urteko aurrelari gernikarra, eta Basquegaz aritzeagatik «oso pozik». Liga-txapeldunaren bereizgarri den hirugarren urrezko gerrikoa bereganatu du, eta bosgarren winterra du—hirugarren aldian lesionatuta egon zen—: «Azken txapelketa elkarrekin jokatuta, ondo ailegatuko gara, baina winterra beste kontu bat da. Lesioaren ostean, buelta oso ona eduki dut. Helburuak lortzeari ez diot garrantzia askorik eman, baina emaitza ezin hobeak eduki ditut. Oso pozik nago, eta ea maila berean mantentzen naizen». Hain zuzen ere, kinieletan faboritoen artean egongo direla badakite, baina horri kasu gehiegirik egin barik, «partiduz partidu» joan beharko dute, «finalean egoteko helburua» lortzeko.

Basquek esan bezala, aurreko aldian «bikain» aritu ziren, eta oraingoan ere maila berean jokatzea espero dute: «Huts gutxi egiten eta tanto asko sartzen dituen bikotea osatzen dugu, eta tantoa amaitzeko momentu egokiena bilatzen dugu; aurkari gogorrak gara». Barandikak ere nabarmendu du bikote «nahikoa sendoa» osatzen dutela, eta biei tantoak lantzea gustatzen zaiela.
Eñaut Salegi markina-xemeindarrarentzat lehenengo winterra izango da; Iñaki Goikoetxea Eraman Jai Alaiko kirol zuzendariaren hitzetan, «kantxan egindako merezimenduengatik» zor zaion aitorpena izango da. 36 urteko esperientziadun atzelariak, besteak beste, bere herriko grand slamean maila ona eman zuen uztailean, eta bigarren sailkatu zen. «Kostatu da, baina aukera ailegatu da», aitortu du. Egindako lanen eta esfortzuen emaitza dela uste du, eta horrelako oihartzuna daukan txapelketan egoteagatik «oso pozik» dago: «Hemen jokatzea ohorea da».

Maisu handiarekin egingo du debuta; orain arteko winter denetan aritu da Aritz Erkiaga ispastertarra, eta hirutan izan da txapeldun —lehenengoan Zabalagaz eta besteetan Ibarluzeagaz—. 39 urteko aurrelariak laugarrena begiz jota dauka: «Eñautek Markinan eta Lekeition erakutsi duen maila ateratzen baldin badu hemen ere, aukerak edukiko ditugu. Horietan maila oso ona eman du. Lan egingo dugu, eta ea emaitzek laguntzen duten». Horrelako txapelketa batean hutsegite gutxiko partiduak egitea garrantzitsua dela adierazi du: «Frontoi handia da, eta hutsuneak topatuz gero, min egin liteke». Salegik esan bezala, biek ondo dakite kantxan zer egin beharko duten, eta ez du presiorik igartzen.
Johan Sorozabal 24 urteko biarriztarrak bosgarrenez jokatuko du neguko txapelketa: «Azkenengo fasera heltzea da helburua». Iritzi berekoa da Ion Ibarluzea markina-xemeindarra; 30 urteko atzelariarentzat laugarren winterra da, eta bitan geratu da txapeldun: «Helburua da partiduz partidu joatea, eta ahalik eta urrunen heltzea. Bai kantxa, bai txapelketa bera, ondo ezagutzen ditugu, eta uste dut paper ona egin genezakeela». Bien esperientziatik eta biek duten errebes luze horretatik, elkar ondo konpondu eta emaitza ona lor dezakete: «Hemen kantxan demostratu behar da; kinielak egitea ondo dago, baina, gero, joko maila erakutsi behar da». Finalerdietara sailkatzea dute helburu: «Borroka horretan aurrera egitea ez da erreza izango. Johan goi mailako aurrelarien artean dago, eta ondo ulertzen baldin bagara, partiduak ondo joango dira».

Unai Lekerikabeaskoa gernikarrak Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarra edukiko du aurreko koadroen zaindari. AEBtan elkarrekin arituta, Mungiako Master Seriesa irabazi zuten ekainean. Elkarrengan konfiantza osoa daukate, eta hori kantxan igartzea espero dute. Lagun onak dira, komunikazio ona dute, oso ondo ezagutzen dira. Bien ezaugarriak batuta, bikote gogor eta lehiakorra osatzen dute.
Aurreko aldi denetan egonda, etxeko atzelaria hirutan geratu da txapeldunorde — Barandikagaz, Goikoetxeagaz eta iaz Goitiagaz— , eta aurten ere finalean lekua egin gura du: «Ikusi beharko da zein multzotan gauden, eta ze aurkari edukiko ditugun, baina helburua da finalean kantxan egotea. Txapela irabazteko hurbil egon naiz hirutan, eta gogo biziz nago. Goixerri lagun handia da, eta kantxan ondo moldatzen gara». Era berean, publikoak gozatzea espero du: «Kantxara dena ematera eta ikuskizuna ematera ateratzen gara; astelehenero frontoia betetzen da, eta giro izugarria egoten da». 32 urteko atzelaria 11 urte zituenetik ari da zesta-puntaren katedraleko kantxan, eta hark nabarmendu modura, «ametsa da» hainbeste zaleren aurrean bertan jokatzea.

Ludovic Ladutxe getariarra eta Mikel Mantzizidor mutrikuarra txapeldunorde geratu ziren laugarren winterrean, eta berriro elkarrekin jokatzeko pozik daude. «Txapelketa ona egin genuen biok, eta finalera heltzea lortu. Oraingoan, hura berdintzea edo hobetzea izango da helburua. Txapela da helburua», azaldu du mutrikuarrak. Ladutxentzat frontoi egokia da Gernika-Lumokoa, eta badaki bertan aurkariari min ematen. Indar handiko aurrelaria da, errebesez eta eskumaz pilota ondo atzeratzen duena. Manzik, berriz, abuztuan bertako grand slama irabazi zuen Barandikagaz. Ondo funtzionatzen dute bikote moduan. Biek ala biek laugarrenez lehiatuko dute neguko txapelketa.
Jean Olharan pilotari beteranoa ere maitatua da Gernikan. Aurreko aldian ordezko aritzea egokitu zitzaion Pauekoari, eta izugarrizko maila eman zuen, jokatutako partida guztiak irabaziz: «Aurreko aldian bezala aritzea espero dut, eta Gorkagaz jokatuko dudalako pozik dago». Hain zuzen ere, seigarren winter honetan, egungo atzelari onenetakoa, Gorka Sorozabal edukiko du lagun —liga txapeldun izan zen Erkiagagaz, eta azken bietan txapeldunorde geratu da—.

Bestalde, Goixerri-Lekerika bezala, bikote «rockeroa» da Goitia-Oyhenard. Pilotari indartsuak dira biak, eta Guillem Oyhenard arrokiagarra ere lehenengoz ariko da neguko txapelketan; winterra jokatuko duen lehen pilotari zuberotarra da. «Iparraldean oso uda ona egin ondoren, pauso natural gisa etorri zaio Winterrean jokatzeko aukera», adierazi du Eraman Jai Alaiko kirol zuzendariak. Alex Goitia markina-xemeindarra egungo txapeldunordeak, berriz, laugarrenez parte hartuko du —Goixerri eta bera Miamin daude— . Neguko txapelketa handian egotea izan da Oyhenard-en helburua, eta zertarako gai den erakusteko gogoz dago: «Txapelketarik ezagunena da hau, eta nire lekua merezi dudala erakusteko jokatu behar dut orain. Goitiak oso ondo jokatzen du, eta laguna dut; beragaz jokatzeko oso pozik nago».

Winter ona egiteko ezaugarriak dituzte buruz-buruko txapeldun Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarrak —udaberrian hasi zen Jai Alai Ligan onenekin jokatzen— . Tantoa dominatzeko ezaugarri guztiak ditu Atainek eta Urreisti da koadroko errematatzaile onenetakoa. Bikote gazteena osatzen dute; 22 urte dituzte, eta bikote oso ona osatzen dute. Lehenengoz ariko da winterrean atzelari markina-xemeindarra: «Oso pozik nago. Umetatik ezagutzen gara, eta gehiagotan jokatu dugu elkarren kontra elkarregaz baino. Ondo ezagutzen gara, eta horrek lagunduko digu kantxan elkar ondo ulertzen». Kantxa barruan gozatu gura du.
Urreistik esan bezala, winterra da euren egutegiko txapelketarik garrantzitsuenetakoa, eta «maila ona» emateko eta azkenengo domekara ailegatzeko gogotsu dago: «Lauko finalaren finalerdietan ikusi zen puntu onean nagoela, sasoia berreskuratzen ari naiz, eta lehenengo partidura ondo iritsiko naiz. Hemen neguan astelehenero frontoia beteta ikustea harrigarria da; guretzat handia da. Ilusio guztiarekin etortzen gara, eta publikoak horrela erantzutea guretzat handia da». Gogoratu du liga winterragaz hasten dutela, eta lehenengotik puntuak lortzen saiatu beharko dutela.
Bikoteak eta aurkariak ezagututa, egutegiari begira daude orain, multzo bakoitza osatuko duten bikoteak zeintzuk diren eta partiduen egutegia zein izango den jakiteko gogoz. Lekerikak hiru bikote nabarmendu ditu:«Barandika-Basque bikotea da faboritoena edota gogorrena, eta Urreisti-Atain bikotea ere asko gustatzen zait. Pilotari gazteak dira, txapelketa asko jokatu dituzte eta Mexikon 22 urtez azpikoetan Munduko Txapelketa irabazi zuten. Eta gero, Erkiaga beti da Erkiaga, eta Salegi aurrelaria ondo zuzentzen eta bideratzen duen pilotaria da».
Faboritoak faborito, urtero ezustekoren bat egoten dela gogoratu du Erkiagak: «Kiniela askotan egongo dara, gutxienez finalerdietarako, baina partiduz partidu joan behar da. Badakigu txapelketa luzea dela, eta partidu eta partidu artean aste asko pasatzen direla. Momentua heltzen denean ikusiko dugu sasoian nor dagoen». Bikote oso indartsuak daude, eta denek helburu bera lortzeko behar egingo dute.
Munduko Txapelketarako prestatzen
Urriaren 26an, Urriko Azkenengo Astelehenean hasiko dute Eusko Label Winter Series. Aurretik, baina, hitzordu berezia daukaten zenbait pilotarik. Munduko Txapelketa lehiatuko dute Xabier Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa gernika-lumotarrek, Eñaut Urreisti mutrikuarrak, Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak eta Aritz Erkiaga ispastertarrak.
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako Munduko Txapelketa batean parte hartuko du lehenengoz Euskal Pilota Selekzioak. Bertan egotea «oso pozgarria» da Busturialdeko eta Lea-Artibaiko puntista horientzat, eta selekzioko kide izategatik «oso harro» daude.
Ispasterkoak adierazi legez, bertan egoteko gogotsu daude. «Abuztu amaieratik serioago ari gara lanean. 36 metrokoan ariko naiz, eta Ispasterren nabil entseatzen, bertako frontoiaren ezaugarriak antzekoak direlako. Txapelketak zalantzak sortu ditu; ez dakigu frontoiak zelakoak izango diren. Uruguain kristalezko errebotea ipini dute, eta Buenos Airesko 36 metrokoa ere arraroa izango dela diote. Hara joan arte ez dugu jakingo zelakoak diren». Helburua urrezko dominak lortzea izango dela nabarmendu du: «Zesta-puntako lau modalitateetan urrea lortzea espero dugu, bai neskek luzean eta motzean, bai mutilek luzean eta motzean».
Lekerikak kontatu duenez, hilabete eta erdi daramate astean bizpahiru entrenamendu egiten. Donostian eta Markina-Xemeinen aritu dira: «Donostiako frontoiaren eta Uruguaikoaren ezaugarriak antzekoak dira, metro erdiko aldea baino ez dute, eta azkenengo bi asteetan Unira joan gara, 54 metrokoa delako, Uruguaikoaren modura. Buenos Airesera bidaiatuko dugu, eta bertan egun bat egin ondoren joango gara Colonia del Sacramentora». Lantalde ona osatu dutela uste du, eta entseguetan ikusi dutenez, maila onean daude denak: «Gure koloreak defenditzeko gogoa daukagu».
Barandikak ere «ilusioz» bizi du aukera: «Ilusio handiko txapelketa da, ilusio askogaz hartu dugu». Aukeratutako pilotari denak momentu onean heltzen direla azpimarratu du: «Euskadirekin Munduko Txapelketa jokatuko dugun lehenengo aldi hau aprobetxatu behar dugu».
Data heltzeko gogoa daukatela adierazi du Ibarluzeak: «Astean pare bat bider entseatzen ari gara, data hurbiltzeko gogoagaz, Uruguaira onena emateko. Ofizialtasuna lortuta, gure selekzioagaz joateko aukera edukitzea oso pozgarria da».
Urreistirentzat ere «aukera handia» da, eta adierazi du prestakuntza egokiagaz doazela: «Nazioen Liga jokatu genuen etxean, bai hemen, bai Bilbon, eta orain aukera hau daukagu. Domeka heldu, eta Argentinara desiatzen gaude. Alde fisikoan nahiz teknikoan prestakuntza handia egin dugu». Urreak lortzeko, aurkari gogorrei aurre egin beharko diete: «Aurkariak denak izango dira gogorrak; espainiarrak, amerikarrak eta frantziarrak gogorrak izango dira». Taldekako multzoko partiduak ondo prestatu beharko dituztela adierazi du.