1926ko arraunkadek olatua sortzen jarraitzen dute Ondarroan
1926ko Kontxako Banderaren eta Portugaleteko estropadaren garaipenak gogoratzeko, arraunlari haien senideak omendu dituzte Ondarroan 100 urte uberan taldeko kideek. Kirol lorpenaz harago, herriaren batasuna eta belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun duen oroimena nabarmendu dituzte ekitaldian.
Duela 100 urte Ondarroako arraunlariek lortutako banderak ekarri zituzten gogora. Duela ehun urteko irailean, Ondarroako arraunlariek bi garaipen garrantzitsu lortu zituzten: Kontxako Bandera eta Portugaleteko estropada. Mende bat igaro da ordutik, baina arraunkada haiek utzitako arrastoa ez da joan. Horren erakusgarri izan zen atzo [urriak 9] Ondarroako Kofradia Berrian egindako omenaldia. 100 urte uberan taldeko kideek antolatuta, 1926ko arraunlarien senideak bildu zituzten, haien ahaideen lorpenak aitortzeko asmoz.
“Duela 100 urte lortutakoak gaur gauza asko erakusten dizkigu, eta euren arraunkadak gogoratu nahi ditugu. Eurei begiratuta esan nahi diegu, zuei esan nahi dizuegu: zuen familiaren istorioa Ondarroaren istorioa ere bada”, adierazi zuen Josu Etxaburuk ekitaldiaren hasieran. Hala, duela 100 urteko garaipenen atzean zeuden arraunlarien senideak ez ezik, entrenatzaileak, laguntzaileak, arotzak nahiz bidean lagun izan zituzten beste hamaika pertsona ere gogoratu zituzten.
Senideak ez ezik, bertan izan ziren herriko elkarteetako nahiz Ondarroako Udaleko ordezkariak ere. Hitza hartu zutenen artean egon ziren Jose Ignacio Maruri Tundi 100 urte uberan taldeko kidea, Eusebio Arantzamendi Ondarroako Arrantzaleen Kofradiako presidentea, Mikel Santiso Aurrera Kirol Elkarteko presidentea, Koldo Azpiazu Ondarroako Arraun Elkarteko presidentea eta Iñigo Larrinaga Ondarroako Udaleko zinegotzia.
Hala, Maruri izan zen hitza hartzen lehena, eta 100 urte uberan ekimena nola sortu zen azaldu zuen: 1926ko garaipenaren inguruko informazioa biltzen hasi ziren lehenengo, eta ostean, orduko arraunlarien senideekin harremanetan jartzen saiatu ziren, ahoz aho ekimena zabalduz. Azaldu zuenez, Agustin Arrizabalaga Diezek bildutako datuetatik tiraka lortu dute informazio gehiena.
1926an erabilitako traineruaren nondik norakoak ere azaldu zituen Marurik: Juan Jose Aristondok egin zituen arraunak, eta Simon Urresti Bustinduik bidali zituen trainerua egiteko 18 zuhaitz, Kubatik. Traineruak 12.000 pezeta balio zituen orduan, eta berria zen arren, Kontxara joan zirenean La gabarra deitzen zioten Ondarroako traineruari, oraindik ere kilo asko pisatzen zituelako.
Hala, estropadan parte hartu ahal izateko ofizialki sortutako elkarte baten izenean joan behar ziren Donostiara, eta Arraun Kirol Elkartearen izenean aritu ziren, ordurako martxan baitzegoen. Santisok adierazi zuen ohorea dela mendeurrenaren parte izatea, ez soilik kirolari dagokionez emaitza ona izan zelako, baita herrian utzitako arrastoagatik ere. Haren esanetan, herriak lortu zuen batasunak “edozein bandera, garaikur edo sari baino gehiago balio du”.

Arantzamendik orduko kofradien inguruko gorabeherak azaldu zituen, baina denak ados agertu ziren Santisok ateratako ondorioagaz: garai haietan Ondarroan bi kofradia eta gorabehera ugari egon arren, Donostiara denak indarrak batuta joan zirela. “Duela 100 urte, gorabeherak gorabehera eta zeuden eztabaidak eztabaida, bakoitzak ahal zuen eman zuen eta horrela joan ziren Donostiara. Irabazi egin zuten, bai, baina gero herrian zer geratu den da garrantzitsua. Horrek erakusten du denok batera egiten badugu aurrera beste indar bat daukagula, batez ere, herri modura”, amaiatu zuen hitzartzea Santisok.
Azpiazu Ondarroako Arraun Elkarteko presidenteak ere bat egin zuen Santisoren hitzekin, eta arraunaren bilakaerari erreparatu zion. Azaldu zuenez, Ondarroak galdu egin zuen arrauna lan-tresna izatetik kirol izatera igaro zeneko trantsizioa, eta ia 60 urtez ez zen trainerurik egon herrian. Hala ere, egoera irauli, eta arrauna gaur egun osasuntsu dagoela nabarmendu zuen: “Aurten ere 80-90 ume inguru edukiko ditugu, eta nesken trainerua nahiz mutilera aterako ditugu. Gainera, 1.250 bazkide ditugu oraintxe momentuan, eta 8.000 biztanleko herri batentzako ehuneko handia da hori; bizpahiru herrik edukiko dute ehunekotan guk baino bazkide gehiago”.
Hala, argi adierazi zuen Azpiazuk gaur egun egoeraren zati handi bat duela 100 urte arraunean aritu ziren haien ondareari zor dietela: “Guzti hau, zati handi batean, duela 100 urte arraunean egin zutenen ondorioa da. Ondarroa izan zen lehen talde bizkaitarra Kontxako Bandera irabazi zuena, 1980. urtean. Ordutik bandera ugari irabazi ditugu, eta nahiz eta tartean 60 urteko hutsunea egon, egoera irauli eta hemen gaude, aurten ere Kontxara sailkatzeko asmoz“.
“Irabazi egin zuten, bai, baina gero herrian zer geratu den da garrantzitsua. Horrek erakusten du denok batera egiten badugu aurrera beste indar bat daukagula”
Hitza hartzen azkena Larrinaga Ondarroako Udaleko zinegotzia izan zen. Zinegotzi ez ezik, urte luzez arraunlari eta patroi izandagoa da Larrinaga, eta beraz, gertu-gertutik bizi izan du halako lorpen baten atzean dagoen izerdia: “Halako garaipen bat asko kostatzen da. 25 urtean lau aldiz jokatu dugu Kontxan, eta irabaztea ez da lan erraza. Beraz, lehenik eta behin, orduko arraunlari haiekiko begirdunea eta miresmena helarazi nahi ditugu udaletik”.
Zinegotziak orduko lorpenen mendeurrena Ondarroako herriaren 700. urteurrenarekin lotzeko aukera ere aipatu zuen: “100 urte hauek oraintxe aurkeztuko dugun 700. urteurrenarekin elkartzen dira, eta zelako polita izango litzatekeen 101. urteurrenean eta herriaren 700. urteurrenean neskak Kontxara sailkatzen diren lehenengo aldia izatea. Lotura ederra izango litzateke, eta lanean jarraituko dugu horretarako”.
Oroitzapenak herriaren ondare. Kofradia Berriko batzar gela bete zuten herritarrek atzokoan, eta 100 urte uberan taldeak oroigarri bana emanaz itxi zuten ekitaldia. Hala, senide bakoitzari Javier Arrieta Idiakezen poema, estropadan parte hartu zutenen inguruko informazioa eta arraunlarien talde argazki bana eman zieten, garai hartako dominaren 3D bidez egindako erreplikagaz batera. Etxaburuk azaldu zuenez, opariak ez dira oroigarri hutsak, “duela 100 urteko istorio baten lekukoa” eta familiakoiei esker ona eta aitortza adierazteko modua ere badira.
Javier Arrieta Idiakezen olerkia irakurriaz eta Ondarruko Koru Kantariak Boga abestuaz amaitu zuten ekitaldia. “Eskerrik asko arraunkada haiengatik eta eskerrik asko, baita ere, hemendik aurrera emango ditugunengatik, eta elkarrekin bada, hobeto. Haien arraunkadak amaitu ziren arren, olatuak oraindik jarraitzen du”. Era berean, gogorazi zuten ekintzek aurrera jarraitzen dutela, eta egitarau “oparoa” dutela aurretik.